Omenaldia Labayru Fundazinoari 50 urtean izan dalako euskerearen erreferentzia

Bizkaie! 2019-12-02 07:52   Euskerea berbagai

Dakigunetik ez dakigunera, helburuak diralako euskerearen eta euskal kulturearen sozializazinoa.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak omenaldia egin deutso Labayru Fundazinoari udaletxeko Arabiar Aretoan, Euskerearen Nazinoarteko Egunean. Holan, eskerrak emon nahi izan deutsoz Fundazinoak 50 urtetan Derioko udako ikastaroen bidez euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko eta sustatzeko egindako lanagaitik.

Omenaldi honegaz, Fundazinoak mende erdian euskerearen eta euskal kulturearen alde egin dauen lana aintzatetsi dau Udalak, hain zuzen be, lan hori etenik barik egin dau, sasoi txar eta gorabeheratsuetan, konpromiso handia beharrezkoa zan urteetan.

Jokin Gorozika eta Adolfo Arejita Labayru Fudazinoko presidenteak eta zuzendariak jaso dabe Derioko Udako Ikastaroen 50 urteak gogoratzeko plakea Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskutik. Adolfo Arejita, Labayru Fundazinoko presidenteak eskerrak emoteko berba batzuk esan ditu, merezidutako omenaldia jaso ondoren.

Labayru Fundazinoak lotura estua dauka Bilbogaz, izan be, beti izan dau egoitzea berton eta gainera, urteak daroaz Bilboko Udalagaz lankidetzan. Aurten Derioko udako ikastaroen 50. edizinoa egin da.

Euskerearen nazinoarteko egunaren helburuak dira eskerrak emotea eta agirian jartea euskal kulturearen alde eta euskerearen iraupenaren eta garapenaren alde egindako ekarpenagaitik'. Hori dala-eta, Juan Mari Aburto alkateak omenaldia jaso dabenei eskerrak adierazo nahi izan deutse euskal kulturearen erreferente izateagaitik: 'Mende erdi bat daroazue belaunaldiak eta belaunaldiak euskeraz trebatzen, Derioko udako Ikastaroari esker, alfabetetako eta sakontzeko programa barritzailea erabiliz. Bizitza osoa emon dozue Euskal Herriagaz lotutako hizkuntzea eta literaturea, etnografia, ondare immateriala, bibliografia eta dokumentazinoa ikertzen, sustatzen eta zabaltzen. Eta horregaitik, harro esan neuike erreferentziako erakundea zariela euskerearen eta euskal kulturearen arloan.

Horrezaz gan, Bilboko alkateak Euskerearen nazinoarteko egunaren harian, Bilboko gizarteari eskatu nahi izan deutso lehen berbea beti izan daitela euskeraz.


Labayru Fundazinoa

Bilboko Udalak eskerrak emon nahi izan deutsoz Labayru Fundazinoaren 50 urteko ibilbideari, euskal kulturarako oso gogorrak ziran garaietan egindako lan handiagaitik.

Helburuak dira euskerearen eta euskal kulturearen integrazinoa eta sozializazinoa; erakundeak beti emon deutso lehentasuna hizkuntzearen erabilereari eta ahozko transmisinoari, euskeraz eta kulturearen arloan, literaturearen eta herri ezagutzearen bidez.

Hori dala-eta, kulturearen eta politikearen persona ospetsuek omenaldi honetan parte hartu nahi izan dabe Fundazinoaren lana eta Derioko udako ikastaro ezaguna aintzatesteko.

Beste alde batetik, omenaldia amaitzean, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren ospakizunaren barruan, Txistularien Udal Bandeak Bai Euskarari eta Dakigunetik ez dakigunera abestien bersino hunkigarriak jo ditu. Azken abesti hori Derioko udako ikastaroen ereserkitzat joten da, etxean egiten zan euskeratik euskera alfabetizatura doan saltoa sinbolizetan dauelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu