Euskal musika tradizionala eta elektronikea batu ditu Topa-K proiektuak
2019-11-29 12:57 MusikeaAgus Barandiaran, DJ Makala eta Oraa ahiztak dira taldearen arimea.
Korrontzi taldearen eta DJ Makalaren ibilbide musikalak oso desbardinak izan dira orain arte, estiloari jagokonez batez be. Baina musika tradizionala eta garaikidea buztartzeko asmoz, bat egin dabe Topa-K proiektuan, eta izen bereko diskoa kalean da, Elkar argitaletxearen eskutik. Korrontziko Agus Barandiaranek trikitixeagaz joten dituan doinuen ganean, remix elektronikoa jarrita sortu dabe proposamen barritzaile hau.
2015ean kolaborau eben lehenengoz Korrontzik eta DJ Makalak kantu baten, eta orduko esperientzia gozoaren ondorioz jaio da Topa-K, lau urte geroago. Mikel Unzurrunzaga edo DJ Makalak zera azaldu dau: Alaitasuna transmitiduten eta beste musika batzuei omenaldiak egiten ahalegintzen naz beti, Jamaikako musikeagaz behar egin neban, Brasilekoagaz, rumba katalanagaz... Tokau da gure musikeari omenaldia egitea, eta ze bidelagun hoberik Agus Barandiaran baino?.
Topa-K izena dala eta, Barandiaranek uste dau proiektua talka egin daben tren biren modukoa dala, musikea ulertzeko modu bi batu doguz. Topa egitearen kontzeptua be badago izenaren azpian. Musika tradizionala perspektiba elektronikotik aztertu dabe, konfort eremutik urteteko ahalegina be izan da Barandiaranentzat.
Topa-K-ren oinarrizko formatua laukotea da. Agus Barandiaranen soinuari eta DJ Makalaren berrinterpretazino elektronikoari, Izaskun eta Alaitz Oraa ahizten ekarpena gehitu deutsie. Zuzeneko ikuskizunetan, jantzan egten dabe biek, euskal jantza tradizionala eta esperimentazino garaikidea lotuz. Ganera, diskoaren grabazinoan, panderoa jo eta abestu egin dabe.
Korrontzin ez dogu ulertzen musikea jantza barik, adierazo dau Barandiaranek, Oraa ahiztak proiektuan zergaitik sartu ziran azaltzeko. Korrontzi Dantzan egitasmoan ezagutu eben alkar musikariak eta jantzari biek, eta harrezkero sarri kolaborau dabe alkarregaz.
Euskal jantzak egiten doguz guk, baina etxean jantzan gabizanean pausu barriak asmatzen ibilten gara, azaldu dau Izaskun Oraak, honelako proiektu baten parte hartzeko gogoz egon gara. Agus Barandiaranen ustez, Oraatarrek ondo ulertu dabe Topa-K zer dan: Tradizinoaren eta modernidadearen, betikoaren eta garaikidearen, hemengoaren eta kanpokoaren arteko batuketea.
Diskoan, Korrontziren aurreko diskoetako hamar kantu sartu ditue, baina DJ Makalak itxuraldatu egin ditu, elektronikearen bidez. Euskal musikea XXI. mendeko soinuetara eroan dot, zehaztu dau DJ gipuzkoarrak.
Dana dala, proiektuaren abiapuntua zuzeneko emonaldi baten dago. Finlandian urrian egindako Womex jaialdirako aukeratu eben Topa-K-ren proposamena, eta hara joan zan laukotea, munduko beste herri askoren kulturak batzen dituan topaketa garrantzitsura. Emonaldiagaz pozik geratu ziranez, alkarlana luzatu eta diskoa plazaratzea erabagi eben.
Musika estiloak ez eze, formatu ugari be buztartzen ditu Topa-K-ren zuzenekoak. Show-a dala dino DJ Makalak, kontzertua baino gehiago, musikea, jantzea eta bideoa eroaten dituelako agertokira. Laster, Malasiako beste jaialdi baten joko dabe, eta Euskal Herrian kontzertuak emoteko gogoz dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!