Bittor Kapanaga ardatz Euskerearen Egunean

Bizkaie! 2019-11-28 12:07   Euskerea berbagai

Euskerea, erro eta gara. Izan gare, bagare eta izango gare.

Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak ekitaldi berezia jasoko dau martitzenean, abenduaren 3an, Euskerearen Eguna ospatzeko. Euskerea, erro eta gara. Izan gare, bagare eta izango gare izenburuagaz, Bittor Kapanaga idazle eta euskaltzalearen figurara hurreratzeko modua egongo da da, Gontzal Mendibilen ahotsaren eta Xabier Kintana euskaltzainaren, Juan Manuel Etxebarria filologoaren eta Juan Luis Goikoetxea idazlearen arteko barriketearen bitartez. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, sartzea doban da leku guztiak bete arte, eta streamingez eskainiko da www.kulturgunea.eus webgunearen bitartez.

Gontzal Mendibilek oraintsu argitaratu dauen eta Joseba Sarrionandiaren berbaurrea dauen Bittor eta biok. Bittor Kapanaga Euskal Sokratesen gogoeta ondarea liburu-diskoa dala eta, Euskerearen Egunaren ospakizuna erabiliz, euskereak eta euskal munduak emon daben figura nabarmenetako bat omendu gura da: Gontzal Mendibilen abestiak eta hiru aditu eta idazleren arteko barriketaldia izango dira, Xabier Kintana, Juan Luis Goikoetxea eta Juan Manuel Etxebarria.


Bittor Kapanaga idazle eta euskaltzalea (Otxandio, 1925 – 2011)

Eibarren ikasi eban, eta 50eko hamarkadan, euskal hizkuntzea eta kulturea berreskuratzeko sortzen egoan mobimentuan parte hartu eban. 1953an Euzko Gogoa aldizkarian hasi zan idazten, eta geroago Zeruko Argia, Jakin, Txistulari, Karmel eta Anaitasuna aldizkarietan. Haren lan nagusia 1978an argitaratu eben: Euskera erro eta gara. Lan horretan, euskerearen jatorriari buruzko ikerketa lana azaltzen dau. Oso ezaguna da, baita Gontzal Mendibilek eta Xeberrik grabautako Bagare abestiaren berbak idatzi zitualako. Euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lanari esker, Gerediaga Alkarteak Argizaiola Saria emon eutson 1997an, eta Mendebalde Kultur Alkarteak omenaldia egin eutson 2000. urtean.

Euskerearen Nazinoarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da. Eusko Ikaskuntzak 1949an ezarri eta 1995ean instituzionalizau zan, Eusko Jaurlaritzearen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzeari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu