Pet Shop Boys, The Killers eta Kendrick Lamar, 2020ko Bilbao BBK Live-n

Bizkaie! 2019-11-28 10:53   Musikea

Kobetamendin joko daben taldeen barri emoten hasi dira antolatzaileak.

2020ko Bilbao BBK Live jaialdia garagarrilaren 9tik 11ra izango da. Orain arte, hurrengo edizinoaren inguruko hainbat datu emon ditue antolatzaileek, bonoak be salgai jarri ziran... baina ze artista etorriko diran ez dabe jakin zaleek. Baina gaur, azkenik, baieztauta dagozan talde ugari iragarri ditue. Kartela zarratuta egon barik be, goi mailako talde eta bakarlariak dagoz zerrendan dagoeneko.

Nazinoarteko biretan jentetzea erakarten daben talde beterano bi kartelburu izango dira Kobetamendiko jaialdian. Pet Shop Boys, ia 40 urteko ibilbidea daukan bikote britainiarra dance musikearen erakusgarri nagusietako bat da; The Killers amerikarrak, ostera, rock alternatiboaren izarrak dira.

Musikearen jokera barrienen zaleentzat, goi mailako artista gazteak sartu ditue egitarauan. Kendrick Lamar kaliforniarra rap abeslari eta produktorea da, eta makina bat sari irabaziak ditu dagoeneko, tartean Grammyak. Puerto Ricotik datorren Bad Bunny, bestetik, azkenaldion egin da ospetsu, reggaeton eta trap doinuei esker.

Iragarritako musikarien artean, gehienak atzerritarrak badira be, euskaldun batzuk be badagoz tartean. Omago taldea lehenengo pausuak egiten dabil eta EPa kaleratu barri dau, baina dagoeneko ezagun bihurtzen hasi da. Garagarrilean Kobetamendiko oholtzara igoten dabenerako, euskal musikan erreferente izan leitekez.

Bilbao BBK Liveko artisten zerrendan aitagarriak dira, bestetik, dream pop estiloko Caribou; elektronikearen alorreko Four Tet; sailkatzen gatxa dan ionnalee | iamamiwhoami suediarra, musikea eta ikus-entzunezkoak buztartzen dituan proiektuagaz; agertokietara bueltan dan Supergrass; eta Kelly Lee Owens galestarraren elektronika delikadu eta anbientala.

Ganerako artistak honeek dira: Acid Arab, The Rapture, Slow Thai, Tommy Cash, Chico Blanco, Erik Urano, El Columpio Asesino, León Benavente, Cariño, Yves Tumor, The Murder Capital, Whitney, Tinariwen, Chai, Hinds, Califato 3/4, Dora eta Yana Zafiro.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu