Euskerearen Nazinoarteko Egunean Getxoko Udala, Bizarra Lepoan eta Egizu alkarlanean

Bizkaie! 2019-11-28 10:30   Euskerea berbagai

Hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika barriak sustatzea helburu dauen 2. Euskaraldia be aurkeztu dabe.



Datorren abenduaren 3an izango dan Euskerearen Nazinoarteko Egunerako Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoan eta Egizu alkarteek alkarlanean antolatutako egitaraua aurkeztu eta hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika barriak sustatzea helburu dauen Euskaraldiaren bigarren edizinoa be aurkeztu dabe; data horretan Aniztasun funtzionalaren eguna be badala aprobetxauta, Amesten alkarteko kideak be izango dira jardunaldian.

Udalak konpromiso argia dau euskereagaz, Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusia tarteko dala. Helburuen artean dago herriko esparru guztietan erabilerea normalizetea eta horretarako sustatutako jardueren bitartez, Euskaraldian parte hartzea bultzatuko dau, hizkuntzearen erabilerea biderkatzeko: Momentu berezian gagoz, urtebete joan dalako Euskaraldiaren lehenengo edizinoa egin zanetik eta urtebete falta dalako hurrengoa ospatzeko. Orain herritarren eta erakundeen arteko sareak osotzen saiatuko gara. Getxoztarrontzat sarea betiko tresnea da; gauza askotarako balio dauena, baita persona eta erakundeen arteko loturea irudikatzeko be; horregaitik herritarrak animetan doguz, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, Algortako San Nikolas plazan, egin nahi dogun sarean parte hartu deien, Euskal Herriko txoko guztietan egingo dan moduan. Getxo prest dago Euskaraldiaren bigarren edizinoan lan egiteko, Getxo herri atondu dogulako; horren adibidea egingo dogu orain, Iker Goñi Getxo Gaso gasolindegiko kudeatzailearen eta Ruth San Cristobal Amesten alkarteko kidearen laguntzinoagaz, horreek erakundeen izenean, nabarmendu dau Irantzu Uriartek, Euskera zinegotziak.


Euskaraldia: banakakoa eta kolektiboa

Euskaraldiaren bigarren edizinoa 2020ko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra izango da. Barritasuna da modu kolektiboan be egin ahal izango dala ariketea, ariguneetan, hain zuzen be, mueta guztietako erakundeek parte hartu ahal izango dabe (publikoak zein pribatuak): Helburu nagusia erakundeon barruko hartu-emonetan euskerearen erabilerea handitzea izango da, eta horrretarako, barruko zein kanpo hartu-emonetarako, Ariguneak (euskeraz eroso ibilteko espazioak) sortuko ditue, azaldu dau Alaitz Billate, Bizarra Lepoan elkarteko arduradunak. Horreekaz batera, 16 urtetik gorako norbanakoek Ahobizi (Euskeraz ulertzen daben guztiakaz euskeraz egiten dau kasu guztietan), Belarriprest (euskeraz edo gaztelaniaz gaitasunaren, berbakidearen eta egoerearen arabera) edo Irribizi (euskerarik ulertu ez arren euskerearen aldeko ekimenakaz bat egiten dau) jarreren artean aukeratu ahal izango dabe. Erakundeek 2020ko garagarrilera arte dabe epea zabalik izena emoteko eta herritarrek 2020ko irailetik aurrera.


Abenduaren 3ko jarduerak

Abenduaren 3an, Euskerearen Nazinoarteko Eguna dala eta, hainbat ekintza egongo dira Getxon; goizeko 9:00etatik aurrera euskaltegietako ikasleentzat kantu-karaoke-gosaria izango da Muxikebarrin, eta goizean zehar Getxoko ikastetxeetan ikasleen batukadea egongo da.

Abenduaren 3a aniztasun funtzionalaren eguna be bada eta, horren harian, aitamen berezia izango da Amesten alkartekoentzat, egunean zeharreko ekintzetan bat egingo dabelako. Arratsaldeko egitarauari jagokonez, ekintzak 18:00etatik aurrera izango dira, Algortako San Nikolas plazan, 2020ko Euskaraldiaren aurkezpen bateratua egingo dabelako Bizarra Lepoan, Egizu eta Getxoko Udalaren artean: Aurkezpen horretan, 2018ko Euskaraldiko bizipenak alkarbanatu eta 2020an egingo dan Euskaraldiko desioak saretzeko aukerea izango dabe getxoztarrek, Irune Etxebarria, Egizu Getxo Euskaldun taldeko ordezkarik azaldu dauenez. Ondoren, Organik jantza-taldearen ikuskizuna egongo da, eta horren ostean Getxoko ikastetxeetako ikasleen batukadea. Azkenik, plazan bertan, familia-argazkia atera ondoren, kopaua izango da. Ekitaldiari amaierea emoteko, 20:00etan Muxikebarrin, Hezurbeltzak taldearen kontzertua izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu