'Garrantzitsua da gure iragana egiaren eta zientziaren bidetik aztertzea'

Bizkaie! 2019-11-28 08:43   Euskerea berbagai

Upealakoa da Joan Marik zentsura frankisteari buruz eginiko ekarpena.

Zentsura frankistearen eta literaturearen arteko loturak aztertu ditue Joan Mari Torrealdai eta Miriam Urkia euskaltzain osoak eta Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak buru izandako prentsaurreakoan. Euskera-ren zenbaki barria monografikoa da, eta bere sorburua Euskal Herriko Unibersidadeko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak 2018ko bagilaren 21ean eta 22an Donostiako Miramar Jauregian aondutako Literaturea eta Zentsura. Memoria eztabaidatuak nazioarteko biltzarrean dago: Mintegi horretan, zentsureari buruzko hausnarketa teoriko nahiz historikoa sustatu nahi izan genduan eta eremu iberiarreko literaturetan izandako eragina aztertu argitu dau Mari Jose Olaziregik.

Baina igazko biltzarrak baeban bestelako helburu garrantzitsu bat, hain zuzen be, Joan Mari Torrealdaik euskal ikasketetan zentsuraz egindako ikerketa lana autortu eta omentzea, Olaziregik aditzera emon dauen lez. Eta, ondoren, euskaltzain osoaren urteetako esfortzua nabarmendu dau irakasleak: Upealakoa da Joan Marik zentsura frankisteari buruz eginiko ekarpena. Ez da bape erraza artxiboetan arakatzea, mila oztopo jarten deuskuezalako, nekagarria eta karua dalako, baina bera ibili zan garaietan oso gatxa zan kontu hori. Eta ez dau bakarrik zentsureari buruz ikertu, zentsoreei eta euren erispide arbitrarioei buruz be ikertu eta idatzi dau. Gure lantaldeak bere lanaren jarraipena egin nahi dau, baina ez da erraza izango maila horretara heltzea.

Zenbaki monografiko honen bigarren atal nagusiak zentsurearen arloko ikerketak jasoten ditu: Molde askotariko lanak batzen dira bertan; batzuek zentsurearen teorizazino garaikidetik abiatu eta proposamen barritzaileak egiten ditue euskal eremuko zentsurea ikertzeko. Gehientsuenek, barriz, obra, literatur genero edo adierazpide artistiko zehatz baten gaineko hausnarketea bideratzea dabe helburu. Kontu bitxiak eta barritzaileak be badira, berbarako, Ismael Manterolak aztertu dau Frankismoaren zentsurea arte plastikoetan; Lourdes Otaegik Gabriel Arestiren poesia zentsurearen aurrean artikulu argigarria idatzi dau; Zentsurea eta errealidade sinbolikoa jorratu dau Ana Gandarak; Idoia Gereñuk XX. mendean antzerkiak bizi izan eban mutututea...

Azkenik, Euskaltzaindiarentzat be berba gozoak izan ditu UPV/EHUko irakasleak: Esker oneko gagoz Euskaltzaindiagaz, biltzar horretan eginikoa txukun eta zorrotz jaso dabelako Euskeran eta, zelan ez, zenbaki berezi hau zabaltzeko egiten dagozan ahaleginagaitik.

Argitalpen hau ez da izango biltzarrak emondako emoitza bakarra, Olaziregik berak aurreratu dauenez: Laster, Alemaniako Peter Lang argitaletxearen eskutik eremu iberiarreko zentsuraz jarduten dauen argitalpena kaleratuko da, gaztelaniaz.


Negazionismoaren garaia

Lourdes Otaegi UPV/EHUko irakasleak Joan Mari Torrealdairen ibilbidea aletu eta azpimarratu dau bizkaitarrak egindako lan erraldoi eta bakartia: Haren eskutik ezagutu ditugu mila kontu gaineratu dau Otaegik; jakin izan dogu frankismoaren zentsureak euskal pentsamenduaren kontra egin ebala, batez be, modu sistematikoan egin be, hau da, ez eban gura euskera kultua, inondik inora.

Torrealdaik lotsaz hartu dau bigarren omenaldi hau, Euskerearen argitalpenarena, baina poztu da ikusita badagoala bere lanari jarraipena emongo deutson lantalde unibersitario bat, nik baino askoz hobeto eta zorrotzago aztertuko duaena lehenaldia, izan be, oso inportantea da hori. Zuek, ikertzaile barriok, antxinako kontuak aztertuz etorkizuna eregiten dozue, adierazo eta ohartarazo dau zentsurea ez dala aldendu: 90eko hamarkadan errebisionismoa izan zan, hau da, auzitan jarten hasi ziran ukutuezineko kontuak; baina gaur egun negazionismoa bizi dogu, hau da, dagoeneko ez da frankismoa diktaduratzat hartzen. Puntu horretara heldu gara. Horregaitik da hain garrantzitsua gure lehenaldia egiaren eta zientziaren bidetik aztertzea.


Euskera agerkaria

Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da eta 1920. urtetik argitaratzen da. Urteko lehen zenbakiak (buletinak) Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa batzen ditu, eta bigarrenak Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aitamenak eta antzekoak jasoten ditu. Zenbakiak urtea amaitu eta hurrengo sei hilebeteetan argitaratzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu