Mikel Markez: 'Esperientziakaz horniduten dozu zeure burua'
2019-12-02 07:55 BarriketanAbeslari errenteriarra.
Makinatxu bat urte daroaz Mikel Markezek euskal musikagintzan; nork ez ditu ezagutzen Zure begiek, Zertarako mugak jarri edota Baina berdin dio kantuak. Dozena bat disko grabau ditu 1992ko ...Eta etorri egin zait haren ostean.
Hamabost urtegaz hasi zan gitarrea joten, 16 urtegaz kantuak egiten, 1988an jentaurrean abesten eta 20 urtegaz argitaratu eban lehenengo diskoa.
Orain, barriz, Biribilean izenburuko diskoa plazaratu dau, Mecca Recording Studiosen zuzenean grabautakoa, kantu klasikoak berrikusi eta zuzeneko bersino akustiko bat eskainiz.
1.- Bakarlari ezagutu zaitugu baina disko barri honetan upealako musikari taldeagaz zatoz, alaba Esti be ahotsetan entzun daiteke...
Esti eta biok disko hau baino lehen be ibiliak gara, oso gustora. Musikari taldearen harian, azken urteotan egin izan dodanaren laburpena edo argazkia gura genduan eskaini. Kontuan izan nire ibilbidean tadekide asko izan dirala baina gitarrea eskuetan bakarrik be ikusi nauzuela. Kontua da ze Arkaitz Miner laguna izan dodala alboan sarritan, Pello Ramirezegaz be asko ibili naz baina azken urteotan arlo bi nabarmenduko neukez, batetik, asko ibili naz Kalifornian, hiru neskek osotzen daben Noka taldeagaz eta disko bat be kaleratu neban eurekaz. Horrezaz gan, 20 urteko alaba Esti orain bost bat urte hasi zan neugaz kantetan, mundu honetan sartu da eta sano pozik dabil. Horren guztiaren lekukotzea itxi gura neban, Arkaitz Miner laguna eta trikitilari eta akordeoijole gazte bat Julen Alonso. Nahaste edo koktel berezia izan da, danak batu eta oso gustora ibili gara, antxinako doinuak batu eta moldatzen. Estudioan baina zuzenean.
2.- Zuzeneko kantaldi bat grabau eta argitaratzea baino zeozer gehiago izan da hau. Baina zeintzuk dira estudioan egindako zuzeneko grabazinoaren berezitasunak?
Ohikoa izaten da zuzeneko kontzertua antzokian edo aretoan bertan grabetea baina gure kasuan, kanpoan asko aukeratzen dan formatoa erabili gura izan dot, hau da, estudioko baliabideak aprobetxau eta grabazinoa egitea. Unplugged berbea erabili izan da kanpoan eta holako zeozer egin gura izan dot, mikro eta tramankulu onak erabiliz. Ganera, publikoaren berotasuna, tensinoa eta emozinoa eransteko publikoa estudiora eroan eta baliabide profesionalak aprobetxauta grabazinoa ondo geratu dala pentsetan dot.
3.- Zure betiko kantuak sartu dozuz diskoan baina buelta batzuk emonda. Edozelan be, Herrimina kantu barria be txertatu dozu diskoan, diasporeagaz zerikusia dauen kantua. Zelakoa da?
Bai, jenteak erraz ezagutuko ditu kantu zaharrak baina moldaketakaz kantuak aberastu egin dirala be esango neuke. Herrimina kantuari jagokonez, urte batzuk atzera egitea komenidu da. Smithosonian Jaialdirako amesagaz, euskal kulturearen barri emoteko 60 bat laguneko euskal ordezkaritza zabala AEBetan gengozala, hotel batean upealako giroa sortu zan, gau giroan, Texasekoak baina mexikar jatorriko Ex-Maniac taldeko kideakaz; bai eurak eta bai geuk musika tresnak atara eta joten hasi ginan; eurak jo eben Herrimina kantua, espainolez kantauta eta asko gustau jatan. Berbak eta kantuaren berezitasunak aintzat hartuta, euskaldunontzako be ederra izan eikealakoan, bersinoa egin genduan eta horixe da diskoan sartu doguna.
4.- Gazterik hasi zinan gitarrea joten eta kantetan eta oso azkar ezagun egin zinan Euskal Herrian. 20 urtegaz argitaratu zenduan lehenengo diskoa. Zelakoak ziran orduko denporak?
Beste gizarte bat zan. 20 urte nituan eta dana zan deskubrimendua niretzako, baita Euskal Herrian herririk herri ibiltea be, euskal soziologia ikastaroa zan niretzako hitzordu bakotxa. Herrietara heldu eta sekulakoa izaten zan erantzuna, kantari bat herrietara joatea oso garrantzitsua zan eurentzako, gure zain egoten ziran, harrera beroak egiten euskuezan. Sasoi haretan ez egoan internetik, gaur gun dogun informazinorik ez egoan eta dana egoan egiteko. Lehenengoz Zuberoako euskalkia entzun, Nafarroan Baztan deskubridu, Bizkaiko kostaldera joan eta hango euskerearen bizitasunagaz zoratu eta holan ibilten ginan.
Euskeraz zein beste hizkuntza batzuetan musikea be ez zan asko entzuten, egungo talde eta estilo zaparradarik ez egoan, musikea ez zan oso eskuragarria. Nire lehenengo diskoa binilozkoa zan eta aurrerago etorri ziran kaseta eta urte batzuk geroago digitala.
5.- 30 urtetik gorako ibilbidean, bakarlari legez hamabi disko plazazaratu dozuz, faboritorik?
Diskoak baino doinuak eta kantuak ditut gogoan. Kantu batzuk bide luzea egin dabe eta beste batzuek laburragoa baina grabaketa batzuk ondo gogoan ditut, musikariak, momentuak eta. Disko faboritorik ez neuke nabarmenduko.
6.- Musikea eta poesia buztartuz Tribuaren hitz galduak (1997), Abiadura handiko urte baten kronika ( 2002) eta Tabuak saltsa berdean (2007) plazaratu zenduzan Pako Aristigaz batera. Ze eragin izan eben zure ibilbidean?
Urte batzuk joan dira baina oso ondo pasau genduan poesia eta musikea buztartzen. Lanak zirikatzaileak ziran, kritika soziala egiten genduan eta gorabehera batzuk be izan genduzan. Pako Aristi ezagutzen dauenak badaki normalean ez dauela idazten eraginkorra ez dan ia ezer. Gizartean dagozan zaurietan sartzea gustetan jakon eta emonaldiotan jentea ez zan epel geratzen, batzuk gustora eta beste batzuk hasarre.
7.- Beste talde batzuetako kide be izan zaitugu, berbarako, Kaliforniako Noka taldeagaz; disko bat be grabau zenduan eurekaz. Zelan subertau zan aukera hori?
Lehenengo aldiz AEBetara kantetan Erramun Martikorena eta Tapia eta Leturiagaz joan nintzan 90. hamarkadearen hasieran; jente piloa ezagutu genduan bost urtean behin egiten dan Boiseko Jaialdi ezaguna tarteko, izan be, hor hartu-emonetan hasi ginan alde bateko eta besteko euskaldunakaz.
Orain 14 urte edo bigarren buelta bat egin genduan hara eta Bidart familia ezagutu neban, sano kantuzaleak. Orain bospasei urte sortu zan aukerea disko bat grabetako, Noka taldeagaz eta hor sartu ginan buru-belarri. Neuk egin nituan produkzino eta musika lanak, kantu tradizionalak moldatzeko ardurea hartu neban eta oro har, lau ahotsetan disko ederra dalakoan nago.
8.- Munduan makinatxu bat kontzertu emon dozuz, Txinan, Kuban, Venezuelan zein Argentinan...
Bai, AEBetan be bai eta oso gustora ibili nintzan kasu guztietan, esperientziakaz horniduten dozu zeure burua, kultura zein gizarte mailan bizitakoakaz. Alkarlana dago oinarrian eta hor dago aberastasuna.
9.- Zer gogoratzen dozu Silvio Rodriguezegaz zein Maite Menégaz eta Paco Ibañezegaz batera egin zenduzan kontzertu hareetaz? Eta Mikel Laboagaz kantetea be gogoangarria izango zan...
Leku bakotxa, kantaldi bakotxa eta protagonista bakotxa oso ezbardinak dira baina asko ikasi dot danakaz. Silvio Rodriguezen alabea Kuban ezagutu eta hortik sortu ziran hartu-emonak. Geroago, hemen Donostiako Belodromoan eta beste leku batzuetan be programau izan ditue kantaldiak eta horreetan hitzorduetan be egon izan naz, baita kantetan be, Anje Duhalde, Gari eta hirurok ordu erdi bateko saioa egin genduan. Aurrerago Bilbon be egon ginan alkarregaz.
Paco Ibañezegaz Parisen kantau neban nire lehenengo diskoa argitaratu aurretik, umetxu bat nintzala; Euskal Kultur Bidean alkartearen bitartez konbidau ninduen eta esperientzia ederra izan zan Bretainiako Etxean eskainitako kantaldia. Aurrerago be batu gara Imanol Larzabalen omenezko kantaldietan eta.
Mikel Laboagaz batera be askotan kantau dot kantaldi berezietan eta zer esango deutsut, maisuetan maisua zan, sorgina. Juan Gorriti eskultorea eta pintorea Mikel eta bion laguna zan eta askotan Gorritiren etxean eta atontzen genduzan saioak.
Kantuaren munduak gauza asko emon deustaz, berbarako, gustoko lanean jardun eta mundua eta hor zehar dagozan euskal komunidadeak ezagutzeko aukerea; hori gitxi ez eta suberte handia izan da holako maisuak ezagutu eta eurekaz kantetako aukerea izatea.
10.- Idazle be bazaitugu eta beste musikari batzuentzako idatzitako kantuak ez eze, Plazer bat duk, Benito! liburua be hor dago...
Bai, Aristik, Benitok eta hirurok egin genduan; Benito Lertxundi 91an edo 92an ezagutuko neban, gazterik, lehenengo diskoa argitaratu baino lehen eta aurrerago sarritan batzen izan gara. Normalean lau ordutik gora egoten ginan alkarregaz, musikea, artea, sexua, heriotzea, gizartea zein Euskal Herria lako gaietan ekarpen interesgarriak egiten eta holako batean Pakok eta biok esan genduan, zergaitik ez dogu gure barriketaldi honeek guztiak liburu batera batzen. Esan eta egin.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!