Molise (Italia) eta Donegal (Irlanda) eskualdeek Lea-Artibai hartuko dabe eredu
2019-11-27 08:17 KultureaOndare kulturalaren kudeaketan eskualde politikak hobetzea da asmoa.
Ondare kulturalaren kudeaketan eskualde politikak hobetzeko Lea-Artibaiko jardueretan oinarritu dira Molise (Italia) eta Donegal (Irlanda) eskualdeak. Holan jakinarazo eben Hericoast-Interreg Europa proiektuan parte hartu daben ordezkariek Lekeition egindako proiektuaren zarratze jardunaldian. Moliseren kasuan, uriko paisaje historikoa eta bertako ondarea nabarmentzeko helburuagaz, Basquetourrek euskal kostaldeko ondarea kudeatzeko egiten dauen lana oinarritzat hartu dabe. Donegal eskualdean, barriz, kostaldeko garapenaren ikuspegi objektiboagoa lortu ahal izateko, Lekeitioko Itsas Ondarearen eredua hartu dabe oinarri.
Hericoast-Interreg Europa proiektuaren amaiera ekitaldia Lekeitioko Silken Hotelean izan zan zemendiaren hasieran. Proiektuan parte hartu daben Europako kideez gan, Jon Arriola, Leartibai Garapen Agentziako Zuzendaria; Cristina Mugika, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo eta Tokiko Lehiakortasuna sustatzeko zuzendaria; Mikel Xabier Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Ondare Kulturalaren Zuzendaria; Iñigo Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila, Basquetourreko lankidetza publiko eta pribatuko eta landa garapeneko arduraduna; María Peraita, UNESCO-Euskal Herriko Unibersidadeko kultura eta ondarea; eta Lea-Artibai eskualdeko eragile eta instituzinoetako ordezkariak.
Leartibai Garapen Agentziako zuzendariaren berbetan, Natura eta kultura ondarearen balioaz jaubetzea garrantzitsua da eta ondare hori era jasangarrian ustiatzeko eta jagoteko kudeaketa bide barriak bilatu behar ditugu. Bere aldetik, Mugikak, bere zuzendaritzearen atxikipena eman zion proiektuari eta Eusko Jaurlaritzako Ondare Kulturalaren zuzendariak ondare naturala, kulturala eta turismoa bateragarriak izan behar dirala aitatu eban: Erakundeen arteko alkarlana beharrezkoa da ondarea babesteko, jagoteko eta zaharbarritzeko esan eban. UNESCOko Peraita egungo kulturearen homogeneizazinoaren gaia jorratu eban eta besteakandik bereizteak tokiko garapenean dauen garrantzia azpimarratu eban Ondareak era ezbardinetako balio eta edukiak ditu eta eskualdeen nortasuna edo markea ahalbidetzen dabe.
Hericoast-Interreg Europa
Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantziautako proiektu honegaz ibai- eta itsas-eskualdeetako ondare kulturalaren kudeaketan eskualde politikak hobetzea lortu nahi da, ondarearen ustiapena eta jagoletzearen arteko orekea lortzeko. Horretarako, hainbat ekintza egin ditue: Leartibai Garapen Agentzia, Vest Adger Diputazinoa (Norvegia), Gaztela eta Leongo Biltzarra (Espainia), Molise eskualdea (Italia), Donegal Diputazinoa (Irlanda), Tulcea eskualdea (Errumania), CIVISCAPE eta Amsterdameko Unibersidadea (Holanda).
Lurraldeen arteko lankidetzan oinarrituta, bazkide guztien emoitzak batu, praktika onak konpartidu eta zeregin berean dabizenen arteko alkarte bat sortzea ahalbidetu dau proiektuak. Hiru arlotan lan egin dabe, ondarearen kudeaketea, naturearen konserbazinoa eta kostaldeko turismoa suspertzea. Holan, 6 proiektu bideratu eta 17 praktika on argitaratu ditue. Bazkide bakotxak ekintza plan propioa landu dau beste bazkideren baten praktika on baten oinarrituta.
Ikasitako gai garrantzitsuenetako bat kostaldeko turismoaren ingurukoa izan da: paisajea aisialdirako erabiltea erronka handia da eta beste sektore batzuk be buztartzen ditu, enpresariak, erakundeak, eskualdeak, eta abar. Horreen arteko koordinazino eta lankidetza arloak ezarri behar dira turismoaren erabilera desegokiei aurre egiteko adierazo dabe proiektuko ordezkariek. Basquetour nabarmendu dabe kostaldeko turismoaren kudeaketearen adibide on bezela eta aldaketa klimatikoaren erronkea, lankidetzan jardutearen garrantzia eta enpresa publiko eta pribatuen arteko loturea be oinarrizkoak dirala azpimarratu dabe.
Lea-Artibai eskualdea Hericoast proiektuan
Leartibai Garapen Agentzia-Behargintzeak, Hericoast proiektuaren bidez, kostako natur eta kultura ondarea babesteko eta ustiatzeko politiken artean orekea lortu nahi izan dau, jasangarritasuna bermatu ahal izateko.
Proiektu honen barruan egindako hausnarketea, beste eskualdeetara egindako bisitak eta ikasitako guztiari esker, Lea-Artibai kostaldeko ondarearen turismo estrategia zehaztu dabe, kostaldeko ondarea Euskal Herriko nazinoarteko kostaldeko turismo taldea sortzea ahalbidetu eta kostaldeko ondarea, ekintzailetzea eta negozioen babeserako zerbitzuak integrau ditu Agentziak. Honen bidez eskualde nortasuna garatu, kostaldeko turismoa dinamizetako plan bat bideratuko dabe alkarlanean, enpresa barriak sortu eta sustatzaileakaz lan egiteko.
Hericoast proiektuak ezagutza transferentziarako egindako ekimenak bakarrik diruz laguntzen ditu, eta ez ostera, ondarea balioan jarteko ekintza planetik sortu daitekezan inbersinoak. Hori dala eta, eragile guztien konpromisoa ezinbestekoa da hurrengo pausuak emon ahal izateko.
Leartibai Garapen Agentzia-Behargintzako ordezkariek proiektuan zehar ondarearen kudeaketa era jasangarrian aurrera eroateko tresnak jaso eta bertan parte hartzea oso aberasgarria izan dala nabarmendu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!