German Ormazabal izango da EGO-ko zuzendari nagusi
2019-11-26 09:10 MusikeaDatorren urteko urtarrilean ekingo deutso zereginari.
German Ormazabal musikari eta enpresa kudeatzailea izango da Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazinoaren (EGO) zuzendari nagusi. Ormazabalek urtarrilean ekingo deutso zereginari, baina Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gaur emon dau horren barri, behin zuzendari nagusia izetetako hautaketa-prozesua amaituta. Zuzendaria Fundazinoaren Patronatuaren menpean egongo da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko eta Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkariek osotzen dabena.
Eusko Jaurlaritzeak joan dan udan ekin eutson Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) zuzendari nagusi bat izentetako hautaketa prozesuari. Orain arte talde kudeatzaile baten bidez zuzendu da EGO, eta erabagi honen bitartez bultzadea emon gura deutsie proiektuari. Euskal Herriko Gazte Orkestrearen helburuen artean musikari gazteen prestakuntzea babestu, musikearen balioak sustatu eta ikastaroak zein kongresuak antolatzea dagoz.
Ibilbidea
German Ormazabalek Tolosan, bere jaioterrian, hasi zituan musika ikasketak, eta piano eta akordeoi goi mailako ikasketak egin zituan Donostiako Goi Mailako Musika Konserbatorioan. Era berean, Zuzenbidean lizentziadua da Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) eta enpresa-kudeaketan prestakuntza zabala jaso dau. Hamar urtez (1996-2005) Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izan zan.
Ondoren, enpresa-kudeaketeari lotuta egon da azken 14 urteetan, hasieran Ikusiko zuzendari nagusi legez eta, gero, Velatia familia-taldeko Giza Kapitalaren eta Presidentetza Kabinetearen zuzendari nagusi. Pianojole modura, bakarkako errezitaldiak eskaini ditu eta bere kolaborazinoen artean, besteak beste, Ainhoa Arteta, Ainhoa Garmendia, Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal, Xabier Zabala, Andoni Egaña bertsolari eta idazleagaz, edota Xabier Lizasogaz egindakoak nabarmendu daitekez.
Egun, Garikoitz Mendizabal txistulariagaz proiektu iraunkor bat dau eskuartean, baita Juan Laboreria baritono eta Maria Martin soprano gazteakaz be. Bestalde, nabarmentzekoa da Xabier Lizaso pianojole eta Andoni Egañagaz lankidetzan dauen proiektua, eta laster, Maite Arruabarrena mezzosopranoagaz zenbait errezitaldi eskainiko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!