VI. Mintzanet Sariak emon ditue Durangon
2019-11-25 09:11 Euskerea berbagaiInformazino gehiago behar izan ezkero, idatzi info@mintzanet.net helbidera.
Alberto Elejaldek, Igone Leonek eta Maider Olarrak jaso ditue 2019ko Bidelagun eta Bidelari Onenen oroigarriak, baita urteko Aitamen Berezia be VI. Mintzanet sariotan. Egitasmoaren zutabe diran bidelariak eta bidelagunak batu dira. Ima Garrastatxu, Durangoko alkateak, ondoetorria emon deutse ekitaldira hurreratutakoei eta Mintzanet Eguna bertan antolatzea herriarentzat barri pozgarria dala autortu dau. Herriko Jaizale txistularien doinuen ondoren, Ritxi Lizartza, proiektuaren arduradunak, hartu dau berbea eta Mintzanetek zazpi urtean izan dauen ibilbide oparoa azpimarratu dau: Oso pozik gagoz gaur hemen egoteagaitik eta zuen guztien babesa izateagaitik. Aurten, Alberto Elejalde gasteiztarra izan da Bidelagun Onena: Alberto aspalditik bizi da Gernikan eta urte asko daroaz Vanesa Alcega Cortesko (Nafarroako Erribera) bidelariari euskeraz egiten laguntzen, esan dau Cristina Tapia, Mintzaneteko koordinazino taldeko kideak.
Bidelari Onenaren saria, barriz, Bilbora joan da, Polonian denpora luzez bizi izan dan Igone Leonentzat: Igone Bilbon jaio eta hazi da, baina txikia zanean ez eban euskerea ulertzen. Atzerrian eta etxera itzultzean, euskereari eusteko egindako ahaleginagaitik irabazi dau saria, esan dau Ainara Loiarte, Mintzaneteko koordinazino taldeko kideak.
Aitamen Berezia saria Baden-Badenen (Alemania) bizi dan Maider Olarra donostiarrarentzat izan da. Maiderrek hasieratik izan dau proponidutako guztian parte hartzeko pasinoa eta ilusino horregaz laguntzen deutso euskeraz egiten Lurdes Alonso bermeotarrari.
Ekitaldiari amaierea emoteko, Erika Lagoma bertsolariak eta Aritz Larsaguren eta Ixone Aroma jantzariek parte hartu dabe. Ondoren, bertara batutako guztiek Plateruenako menua probau eta Ander Etxebarria soinujolearen laguntzaz, kantuan igaro dabe bazkalostea.
Mintzanet 2012. urteko abenduan sortu zan eta geldiro-geldiro hazi egin da. Euskeraz on line eta doban berba egiteko aukerea eskaintzeaz gan, bestelako ondorio positiboak be baditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota parte-hartzaileek izan leikiezan arazo fisikoak edo denpora-eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko alkar ezagutzea sendotzea, eta, azken batean, euskaldunen kopurua handitzea.
Informazino gehiago behar izan ezkero, idatzi info@mintzanet.net helbidera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!