Joseba Gotzon, Mexikon

Bizkaie! 2019-11-22 10:28   Musikea

35 izeneko nazinoarteko birearen barruan 9 kontzertu eskainiko ditu.

Joseba Gotzonek kontzertuak emongo ditu Mexikon zemendiaren 26tik aurrera, 35 urte musikagintzan daroazala ospatzeko.

Nazinoarteko Bira honen hasieran Euskal Herriko eta Espainiako hainbat eszenatokitan ibili bazan be, hile gitxi barru Latinoamerikara joatea erabagi eban. Atlantiar ozeanoa kurutzatu ondoren, Kuban, Uruguain, Txilen eta Argentinan (birritan) izan da zuzenekoak eskaintzen Portugaletekoa. Orain, barriz, Mexikora itzuliko da, 35 izeneko birearen barruan, Hidalgo, Jalisko eta Guanajuato estaduetan egingo dau geldialdia zemendiaren eta abenduaren lehenengo astera bitartean.

Pachuca izeneko urian emongo dau euskaldunak bere lehenengo kontzertua Ignacio Rodríguez Galván izeneko poesiaren nazinoarteko jaialdiaren bederatzigarren edizinoan, Jorge Contreras Herrera poeta mexikarraren agindupean. Hitzordu hau datorren 26an izango da, Romo de Vivar antzokian. Hurrengo egunean Trenbidearen Kultur Etxean kantauko dau, eta hilaren 28an Hidalgoko unibersidadean emongo dauen kontzertuagaz agur esango deutso poesiaren jaialdi honi.

Mexikoko abentura honen bigarren geltokia Guadalajaran egingo dau Joseba Gotzonek, Jaliscon. Bertan zuzeneko berezi bat eskainiko dau, emozinoz beterikoa. Izatez, orain dala 80 urte desagartu zan euskal selekzinoa, Selección Euzkadi, izenekoa. Kantariaren zuzenekoaren aurretik Un equipo de hermanos  dokumentala proiektauko dabe eta ondoren, portugaletearrak Nortasuna diskoaren abestiak kantauko ditu, selekzino horren historia kontetan dauelako honen errepertorioak.

Zemendiare 30ean, literatura eta arte independentearen jaialdian izango da Joseba Gotzon, Guadalajaran bertan. Azkenik, mexikar herrialdea agurtzeko Guanajuatoko León urian izango da zuzenean, pasa dan urtean bertan izan eban erantzun bikaina errepetiduteko asmoz.

Joseba Gotzonek 250 abesti daukaz momentura arte SGAEn erregistrauta, 17 disko kaleratuta, dozenaka bideoklip argitaratuta, beste hainbeste zuzeneko disko... Orain, bira hau akustikoan egiten dabil, momentura arte erantzun onena izandako abestiak gogora ekarriz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu