Badator X. Mila Musika Haria
2019-11-22 08:29 MusikeaBost kontzertu izango ditu aurtengo edizinoak, danak Bilboko Bertendona institutuan.
Gitarreari eta harizko beste instrumentuei eskainitako zikloa da Mila Musika Haria, urteroko hitzordua doinu gozoen zaleentzat. Gaurtik, zemendiak 22, hilaren 30era arte, hamargarren edizinoa egongo da martxan, Bilboko Udalak jakitera emon dauenez. Biolina, banjoa eta gitarrearen hainbat aldaera izango dira aurtengo protagonistak.
Kalidadezko eta askotariko errepertorioa da helburua egitaraua atontzeko orduan. Mila Musika Hariaren hamargarren aldi honetan, bost kontzertu programau ditue, danak Bilboko Bertendona institutuan. Emonaldiak 19:30ean hasiko dira, eta sartzea doban izango da.
Lehenengo kontzertuan, gaur, barikua, Pablo Romero Luis Trio egongo da oholtzan. Desnudas de palabras izeneko ikuskizunean, musika tresnen bitartez abestiaren generoari egiten deutso hirukoteak goraipamena. Gitarra espainiarra ardatz, musika klasikoaren, flamenkoaren, herri musikearen eta jazzaren zertzeladak igarriko ditue entzuleek.
Hurrengo saioa bihar, zapatua, egingo dabe: Dotze Contes Tríok Amerikan Roots ikuskizuna aurkeztuko dau Bilbon. Banjoa, old-time musikea, bluegrass-a eta cajun ohiturak, besteak beste, nondik datozan azalduko dabe, kontzertu dibertigarri eta pedagogiko horretan.
Beste hiru hitzorduak datorren astean izango dira. Zemendiaren 28an, Peter Abels bakarlaria etorriko da Bilbora; 29an, Heiko Bloemers & Oscar Jareño; azkenik, 30ean, David Regueiro Tríok zarratuko dau egitaraua. Azken hirukote horrek Rares Morastescu biolin jolea izango dau alboan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!