Euskaldunek XVI. mendeko esklaboen salerosketan izan eben parte hartzea aztergai
2019-11-22 08:09 KultureaHelburua izan da erakustea zelako eragina eban euskal komunidade emigratzaileak XVI. mendeko Sevillan.
Javier Ortiz Arzak defendidutako tesiak, La comunidad vasca de Sevilla y la trata de esclavos (XVI) izenekoak, esklabotzearen zenbait alderdi ditu aztergai: praktika hori ohikoa zan eta estandarizauta egoan XVI. mendean Sevillan bizi ziran euskal emigratzaileen artean, bai merkataritzearen esparruan eta bai esparru pribatuan.
Betidanik, euskaldunek mobikortasun historiko handia eta izakera ekintzailea izan ditue bereizgarri, eta beti egon izan dira Aro Modernoko leku eta momentu garrantzitsuenetan. Indietan, Flandrian eta Italian izan ziran, baita XVI. mendearen hasieran Atlantikora eta Amerikara zabaldu zan Sevilla haretan be.
Javier Ortizen doktorego tesiaren helburu nagusietako bat izan da erakustea zelako eragina eban euskal komunidade emigratzaileak XVI. mendeko Sevillan eta bertan egiten zan merkataritza indianoan, hori guztia esklaboen salerosketea ardatz hartuta. Hain zuzen, Sevillako esklaboen salerosketea Atlantikoan diru gehien emon ebana izan zan, eta iutxien ezagutu zana. Sevillako agiritegietan, batez be Indietako Agiritegi Nagusian eta Probintziako Agiritegi Historikoan, jasota dagoan dokumentazinoa aztertu ondoren, egiaztatu da, hain zuzen, euskaldunek erantzun eutsiela Indietako Ibiliaren eta esklaboen itsasoko merkataritzearen eskari nagusietako batzuei, izan be, euskaldunak tradizinoz trebeak ziran negozioetan, itsasoan, ontzigintzan eta administrazinoan, eta esperientzia eben arlo horreetan, adierazo dau ikertzaileak.
Tesian, euskaldunek salerosketearen barruan betetako funtzino nagusiak aztertu ditu, bai onuradun eta lizentzia esklabisten banatzaile lez, baita esklaboen zamaketari eta garraiatzaile legez. Jarduera horreek lagungarriak izan ziran euskaldunek maila ekonomikoan eta sozialean gora egiteko Sevillako gizarte sarean, eta euskal figura batzu agertu ziran, berbarako, Pedro de Morga bankari bizkaitarra.
Kontuak kontu, baieztatu daiteke euskal komunidadearen jarduera tradizionalak ondo egokitzen zirala salerosketearen beharretara, profesional onak eta diziplina horreetan esperientziadunak behar ziralako. Horri guztiari esker, komunidadea ondo moldatu zan; hain zuzen, beren ohiturak eta bereizgarri zituen enpleguak alde batera itxi barik, ez eben dudarik izan Sevillako beste merkantzia, negozio esparru eta jardunbide ekonomiko batzuk aztertzeko, baita mundu atlantikoa eta merkataritza amerikarra, esan dau Javier Ortizek.
Horrezaz gan, ikerketa honek zeinbat proposamen metodologiko egiten ditu XVI. mendean Gaztelan egiten zan esklaboen salerosketea aztertzeko, eta bide barri bat zabaltzen dau etorkizunean lan gehiago egiteko euskal-sevillar komunidade horren inguruan, aztarna handia itxi ebalako Aro Modernoaren historian funtsezkoa izan zan leku horren egitura sozial, ekonomiko eta espiritualean.
Javier Ortiz Arzak (Bilbo, 1982)
EHUko Erdi Aroaren, Aro Barriaren eta Amerikaren Historia Saileko Europa eta Mundu Atlantikoa: boterea, kulturea eta gizartea programearen barruan defendidu dau bere tesia. Hasieran, Rosario Porres Marijuán irakaslea (UPV/EHU) izan eban zuzendari, eta hori erretirau ondoren, José Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina (UPV/EHU) eta Manuel Francisco Fernández Chaves (Sevillako Unibersidadea) irakasleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!