'Ikusi eta ikasi', ikaslearen ikuspegitik egindako gramatikea

Dabi Piedra 2019-11-21 12:53   Euskerea berbagai

A1 eta A2 mailetarako gidaliburua da Erroa argitaletxeak plazaratu barri dauen hau.

Arantza Madariaga, Leire Fernandez eta Xabier Monasterio | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen gramatikearen barri emoten daben liburuak XVI. mendetik argitaratu izan dira, baina orain arteko sistemakaz ez dira konforme egon Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko arduradunak. Hartara, gaur egungo ikasleen beharretara egokitutako gramatikea egin dabe, bisuala, koloretakoa eta azalpen errazduna. Ikusi eta ikasi izena ipini deutsie Gabriel Aresti euskaltegiaren, Erroa argitaletxearen eta Atoan! komunikazino bulegoaren arteko alkarlanetik jaiotako liburuari.

Euskerearen didaktikarako materiala aspalditik landu izan dau Erroak, baina lehenengo aldiz sartu da gramatikea azaltzeko zereginean. Hizkuntza baten hazurdurea da gramatikea, eta, hortaz, euskerea ikasten dabizanek ezagutu beharrekoa, baina orain arteko argitalpenek egitura eta kontzeptu teknikoegiak izan dituela uste dau Erroako arduradun Xabier Monasteriok: Irakasle zein hizkuntzalarien nahiak eta beharak islatzen ditue sarritan.

Euskerea ikasten dabizanen beharretara ahalik eta gehien hurreratzeko, Gabriel Aresti euskaltegian irakasle dabizan profesionalek atondu ditue edukiak, egunerokoan ikusten dabelako ikasleek zer eskatzen daben. Arantza Madariaga da irakasle horreetako bat, eta ikasleen beharrak eta kezkak ondo ezagutzen dituela ziurtatu dau.

Xabier Monasteriok ganeratu dauenez, ikasleen ondoan jesarri dira, gramatikea hartzaileen arabera egiteko. Ikasle on baten apunteak egiten ahalegindu gara, eskema eta grafiko ugari sartu doguz. Ganera, irakasle baten laguntzinoa beti ezin danez euki, ikasleek euren kabuz ulertzeko moduan ipini dabe eduki guztia.

A1 eta A2 mailetako ikasleentzako liburua da Ikusi eta ikasi, hau da, euskerea ikasten hasi barri diranentzat. HABEk maila horreetarako ezarritako kurrikulumean oinarritu dira zer sartu erabagiteko. Euskera hutsean dagoz azalpenak, baina, marrazki eta argazkien laguntzinoagaz, erabiltzaileek ondo ulertuko dabelakoan dagoz gramatikearen sortzaileak.

Ezaugarri zehatz batzuk emon deutsiez liburuari. Hasteko, koloretan egin dabe oso-osorik. Euskerea ez da grisa, azpimarratu dau Madariagak. Bestetik, liburu freskoa, atsegina eta alaia dala adierazoteko, frutearen irudia ekarri dabe azalera. Euskereari zukua ateratzeko, ganeratu dau Monasteriok.

Atoan! komunikazino bulegoak egin dau diseinua. Bertako kide Leire Fernandezek agertu dauenez, 75 gramatika arau, 800 argazki eta marrazki eta, azken orrietan, 84 ariketa (erantzun eta guzti) dakarz. Atal bakotxa orrialde bakarrean batzen ahalegindu dira, eta koloreak zein ikonoak erabili ditue arlo bakotxa bereizteko, hau da, zer dan araua, zer hiztegia eta abar.

Euskereak, beraz, beste gramatika liburu bat dauka, baina kasu honetan, ikasleen beharretara guztiz egokitua eta modu atseginean erabilteko modukoa da. Euskerea ikasteko prozesuaren hasi-masietan dagozanentzako tresna aproposa, euskaltegietan zein bakarka erabiltekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu