Hogei film Lekeitioko Zine Bilerako Sail Ofizialean

Bizkaie! 2019-11-21 08:45   Zinemea

Igaz aurkeztutako barritasunak sendotzea eta emakumeen begiradei lekua egitea dira aurtengo helburuak.

Zapatuan, hilak 23, hasiko da 42. Lekeitioko Zine Bilerea, euskera hutsezko ikus-entzunezkoen jaialdi bakarra. Zemendiaren 30era arte, hainbat film eta bestelako jarduera egongo dira publikoaren eskura, hiru atal nagusitan banatutako egitarauan: Branka, Ganbara eta Zerumuga. Igazko edizinoan ipini eben martxan programazinoa antolatzeko modu barritzaile hori, eta aurtengo asmoa da apustu hori sendotzea, antolatzaileek Bilbon egindako agerraldian azaldu dabenez.

Edizino honen beste ardatzetako bat emakumeen sorkuntzea izango da. Genero ikuspegia Zine Bilerearen lan egiteko moduan sartzeko erabagia hartu dabe, emakumeen begiradek lekua izan deien.

Branka atalaren barruan dago lehiaketako Sail Ofiziala. Aurten, 57 proposamen jaso ditue, euskerazko gero eta proiektu gehiago egiten dirala erakusten dauen datua, antolatzaileen arabera. Lekeition lehiatzeko, horreetako hogei aukeratu ditue, danak euskeraz eta Euskal Herrian eginak. Ikusgarri aretoko proiekzinoetan ikusi ahal izango dira guztiak.

Hainbat sari banatuko ditue Sail Ofizialean. Pelikularik onenari Urrezko Antzarra emongo deutsie, baita 1.900 euro be. Zuzendaririk Onenaren eta Gidoilaririk Onenaren kategorietan, saritu bakotxarentzat 1.600 euro dagoz gordeta, eta Zidarrezko Antzarra. Epaimahaian, Kepa Errasti, Lara Izagirre eta Igor Rezola egongo dira. Ikus-entzuleek emongo dabe, bestetik, Publikoaren Saria, 750 eurokoa.

Lehiaketaz kanpo, Branka atalak nobedade gehiago be badakarz. Esate baterako, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira sortutako Egunak eta lanak proiektauko dabe, eta euskerearen arnasguneen alde UEMAk egindako Arnasa gara be bai.

Gazteei zinemagintzan hasteko aukerea emoteko asmoz, urte birik behingo Benito Ansola Saria emongo dau Topaguneak zemendiaren 30ean. Lehenengo, hautagaiakaz pitching saioa egingo dabe Kultur Etxeko Azkue Aretoan. Ondoren, Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirre epaimahaikideek irabazlearen barri emongo dabe, Ikusgarrin.

Hilaren 30ean bertan, (H)emen plataformeagaz alkarlanean, profesionalen topaketea antolatu dabe. Ikus-entzunekoetako emakume musikagileak: Olatu berriak izenburupean, hainbat aditu konbidau ditue: Haizea Huegun, Alicia Morote eta Paula Olaz, Lara Izagirre moderatzaile dala.

Ganbara atala parte bitan zatitu dabe, Atzo8 eta Begiradak. Azken horren barruan, Juanmi Gutierrez dokumentalgilea omenduko dabe, eta haren hiru lan proiektauko ditue, egile gipuzkoarrak oraintsu amaitu dauen Denbora aldakorra estreineteaz gan. Atzo8 egitarauan, Lekeitioko antxinako irudiak erakutsiko ditue.

Etorkizunera begiratzea be garrantzitsua da, batez be, zinemeak daukan ahalmen pedagogikoa aintzat hartu ezkero, Zine Bilerako arduradunen arabera. Horretara dator Zerumuga atala. Horren barruan, Filmazpit egitasmoagaz alkarlanean, Céline Sciammaren Girlhood filma emongo dabe hilaren 28an, euskerazko azpitituluakaz. Sartzea doban izango da. Urriaren amaieran egindako Kameratoia Ikus-entzunezkoen Rallya be Zerumuga atalaren parte da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu