Amancay Gaztañagak eta Lara Izagirrek aukeratu ditue Benito Ansola V. Sariko hiru finalistak

Bizkaie! 2019-11-06 13:08   Zinemea

Finalistek lana defendidu behar dabe zemendiaren 30ean, 42. Euskal Zine Bilerearen barruan.

Amancay Gaztañaga sortzaileak eta Lara Izagirre zuzendariak Benito Ansola V. Sarietan finalista izango diran hiru lan aukeratu ditue atzo egindako bileran. Epaimahaikide horreekaz batera Johana Olabarria, Euskaltzaleen Topaguneko ikus-entzunezkoen arduraduna eta Aitor Gametxo Euskal Zine Bilerako koordinatzailea izan dira antolatzaileen ordezkari.

Aukeratutako hiru proiektu horreek zemendiaren 30ean, Lekeition egiten dan 42. Euskal Zinema Bilerearen barruan defendidu behar ditue. Ekitaldi horretan irabazlearen eta lanaren izena jakinarazoko da, 3.000 euroko saria jasoz proiektua hamar hilebeteren barruan gauzatzeko helburuagaz.

Benito Ansola sariok profesionalizazinorako bidean dagozan euskerazko ikus-entzunezko sortzaileei laguntzeko eta euskerazko zinemagintzan harrobia sortzeko helburua dabe.


Aniztasuna nagusi

Urte honetan proiektuen aniztasuna nabarmendu dabe Amancay Gaztañaga sortzaileak eta Lara Izagirre zuzendariak, bai formatu aldetik eta bai gaiaren aldetik be, ikus-entzunezkoek urrezko aro honetan bizi daben loraldiaren ondorio.

Eskarmentu handiko emakume bi horreek adierazo daben moduan, aukeraketea gatxa izan arren oreka bat lortzen saiatu dira, lan profesionalen eta amateurren artean, hasibarriei aukerea emonaz eta maila profesionalagoko lanak bultzatzeko asmoagaz. Horrezaz gan, proiektuen sendotasuna eta bideragarritasuna be aintzat izan dabe. Beste erispideetako bat genero bardintasuna izan da, gaian eta produkzinoan aukera bardintasuna bermatzeko.

Antolatzaileek emakume bi horrek aukeratu ditue epaimahaikide modura euren jakituria, esperientzia eta ikuspuntu anitzagaitik. Amancay Gaztañagak antzerki lanetan mundu osoan biran ibili da eta aspaldian zuzendari lanak be egin izan ditu. Lara Izagirre, ostera, Gariza Films produkzino etxearen sortzailea eta zinemagileak, ikus-entzunezko lan asko egin ditu eta sarien aatelean, nazinoarteko sariak be jaso ditu.


42. Euskal Zine Bileran ezagutuko da irabazlea

Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Zine Bilereagaz batera antolatzen dauen Benito Ansola edizino barri honek hobekuntzak ekarri ditu aurreko edizinoakaz konparauta. Aurten, Amancay Gaztañagak eta Lara Izagirrek aurre-aukeraketa bat egin dabe jasotako lan guztien artean baina hiru lan horreen egileak zemendiaren 30ean egingo dan 42. Euskal Zine Bileran ezagutuko ditue aurrez-aurre, izan be, goizean finalista bakotxak 45 minutu izango ditu Amancay eta Lararen aurrean lanak aurkezteko bilera pribatu batean. Arratsaldean, barriz, hamabost minutuko tartea izango dabe lanok defendiduteko 42. Euskal Zine Bilerearen barruan, publikoaren aurreko saioan.

Aurkezpen guztien ostean, epaimahaikideek iragarriko dabe zein izan dan Benito Ansola V. Sariaren irabazlea, 3.000 euroko saria emonaz. Egileak hamar hilebeteko epea izango dau proiektua gauzatzeko eta Euskal Zine Bilerako hurrengo urteko edizinoan estreinauko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu