Marilyn taldeak irabazi dau 15. Kameratoia
2019-10-28 10:11 ZinemeaEmeki eta Neuke Produkzioak be saritu ditue Lekeition.
Astegoienean, 24 orduz Lekeitioko kaleak, plazak eta hondartzea hartu ditue ikus-entzunezkoen alorreko dozenaka zalek, Kameratoia Rallyaren 15. edizinoaren atxakian. Topaguneak antolatutako lehiaketea Lekeitioko Euskal Zine Bilerearen egitarauaren parte da azken urteotan, eta horregaitik egin dabe kostaldeko herri horretan.
Ikusgarri zinema-aretoan proiektau ditue parte-hartzaileek grabautako film laburrak. Zergaitik ez? izan da aurtengo gaia, eta talde bakotxak ikuspegi desbardin batetik heldu deutso horren gai zabalari. Irudimena erabilteaz gan lan gogorra egin dabe, gaia ezagutu eta 24 ordura entregau behar izan dituelako filmak.
Lehenengo saria Marilyn taldeak irabazi dau, Urak dakarrena izeneko film laburrari esker. Mila euro emon deutsiez antolatzaileek, eta, ganera, Laburbira zikloko bilduman zein DemaSA lehiaketan sartuko dabe pelikulea.
Bigarren saria, 600 eurokoa, Emeki taldeak eskuratu dau, Sonder ikus-entzunezko piezeari esker. Azkenik, Publikoaren Saria emon dabe, ikus-entzuleen eretxian oinarrituta. Neuke Produkzioak taldeak irabazi dau, Gure artean filmagaz, eta produktu berezien otzarea emon deutsie.
Kameratoia Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako lehiaketea da. Aurten, hamar taldek emon dabe izena, guztira 46 lagunek. Yogurinha Borova, Itziar Ituño eta Ugaitz Alegria egon dira epaimahaian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!