Hizkuntza koofizialak bultzatzea aldarrikatu dabe Bilbon
2019-11-20 13:20 Euskerea berbagaiHizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzea, alkar ezagutzea eta autortzea, baita alkar aberastea be, demokrazia sakonenaren isla dira.
EAEko, Nafarroako, Galiziako, Kataluniako, Balear Ugarteetako eta Valentziako gobernuetako ordezkariek urteroko ohiko bilerea egin dabe, berezko hizkuntzak sustatzeko ekintzak koordinetako.
Hizkuntza politika eraginkor baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa azpimarratu dabe hizkuntza koofizialak dituen sei erkidegoetako buruek adierazpen batean.
Aitatu erkidegoetako gobernuek parte hartzen dagozan hizkuntza-politikearen arloko lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordeak urteko ohiko bilerea egin dabe gaur Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon. Helburua izan da euren komunidadeetako hizkuntza-politiketarako interesgarriak diran hainbat gai jorratzea, bai eta euren hizkuntzak sustatzeko ekintzak zehaztu eta koordinetea be. Bilkura horretan, hizkuntza koofizialak dituen sei autonomia erkidegoetako gobernuek adierazpen bat adostu dabe eta bertan hizkuntza politika eraginkor baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa nabarmendu dabe, akordioa eta hizkuntz bizikidetzea oinarri hartuta.
Bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Mikel Arregi, Nafarroako Euskerearen Institutuko zuzendaria; Valentin Garcia, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Agustina Vilaret, Balear Ugarteetako Gobernuko Unibersidade, Ikerketa eta Hizkuntza Politikako idazkaria; eta Rubén Trenzano, Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikako eta Eleaniztasunaren Kudeaketako zuzendari nagusia.
Bileran landutako gaiak honako honeek izan dira: Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazinoaren hurrengo jarraipen-txostena; zinpeko itzultzaileak zuzenean gaitzea edo Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Hizkuntzen Bulegoko Ministeriora itzultzeko eskaerak; Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea (NPLD); Hizkuntzearen teknologiak eta Europako beste proiektu batzuk; Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Arkimedes Sariak; Estaduaren Errealidade Eleanitza Sustatzeko Saria, gobernuek Protokoloaren esparruan emoten dabena; edo urteko baterako lan-plana
Hizkuntza-politika eraginkorra eta hizkuntza-bizikidetzea
Ordezkari autonomikoek Bilboko Adierazpena plazaratu eta gogorarazo dabe eleaniztasunaren, alkarregazko errespetuaren eta ahultasun handieneko egoeran dagozan hizkuntzen aldeko ekintza sendoaren ikuspegia konpartiduten dabela. Testuak nabarmentzen dauenez, berezko hizkuntzak dituen gobernu autonomikoek sensibilidade eta aukera politiko desbardinetatik abiatuta lan egiten dogu, eta errealidade oso desbardinetan jarduten dogu, baina aniztasun horrek ez deusku ezelako trabarik jarten arazoak atzemon eta konponbiderako proposamenak alkarregaz adosteko, hain zuzen be, sinistuta gagozalako hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzea, alkar ezagutzea eta autortzea, baita alkar aberastea be, demokrazia sakonenaren isla dirala.
Lankidetza Protokoloa
2007an, Eusko Jaurlaritzeak, Kataluniako Generalitateak eta Galiziako Xuntak hizkuntza-politikearen arloko lankidetza-protokolo orokorra sinatu eben eta, ondoren, Balear Ugarteetako Gobernua eta, 2017an, Valentziako Generalitatea eta Nafarroako Gobernua batu jakezan. Hizkuntza propioa eta ofizialtasun-estatusa daben autonomia-erkidego guztien lehen lankidetza-esparrua da, jagokezan autonomia-estatutuetan ezarritakoaren arabera.
Protokoloak esparru orokorra eta metodologia finkatzen ditu komunikazinoaren arloan alkarren arteko lankidetzea sendotzeko, arlo soziolinguistikoaren jarraipena egiteko azterlan eta ikerketei buruzko informazinoa trukatzeko, argitalpen elektronikoak zabaltzeko, hizkuntza-eskubideen arloan emondako urratsak zabaltzeko eta hizkuntza-planak ezartzeko esperientzietarako.
Terminologiaren arloan, metodologiei eta lan-prozesuei, terminologiaren normalizazinorako erispideei, zabalkunde-estrategiei eta ezarpen-mailearen jarraipena egiteko metodoei buruzko informazinoa trukatzea aurreikusten da. Estaduko Administrazinoaren eta EBren esparruan hizkuntza ofizialak babesteari eta erabilteari jagokonez, sustatuko da horreek arau-neurriak eta ekintzak hartu deiezala eta erakundeetan gaztelania ez diran beste hizkuntza ofizialak erabiltea ahalbidetu daiten. Arlo sozioekonomikoa, irakaskuntzea, informazinoaren eta komunikazinoaren teknologiak, hizkuntzearen erabilera soziala edo nazinoartean zabaltzea be kontuan hartu dira.
Kontuak kontu, Guadi Galego galiziarrari Estaduko Errealidade Eleanitza Sustatzeko Saria emotea erabagi dabe gobernuek, Inmersión lanagiatik.
Hizkuntzea Politikearen arloko Lankidetza Protokoloa
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!