Durangoko 54. Azokeak aurtengo egitaraua eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu
2019-11-20 12:18 azokakDurangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan izan da hitzordua.
Abenduaren 5etik 8ra arte 200 kultur ekitaldi baino gehiago egongo dira Durangoko Azokako zazpi guneetan. Musika Eskolan jarduerak antolatuko dira lehen aldiz, berbarako Gogoetaren Plaza eta DA! PRO ekimena.
Danetara, 264 erakusmahai egongo dira Landakon, 405 nobedadegaz: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari... Lehenengo aldiz 30 urtez, erakusmahaiak barriztauko dira, eta, ondorioz, Landakoko irudia aldatuko da.
Lehenengo aldiz, Durangoko Azokeak Euskal Herriko programatzaile eta musikearen sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketea antolatu dau, Musika Bulegoagaz alkarlanean. Azokako lehen egunean izango da, goizean zehar.
Ohiko espazio batean, Landako gunean, barritasunik be egongo da. 30 urtez lehenengo aldiz, Azokeak erakusmahaien irudia aldatuko dau. Landakoko argazki orokorra, beraz, goitik behera aldatuko da: Gure asmoa gaur eguneko tendentzietara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifiketea izan da. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira eta errotulazinoetan kolore desbardinak eta ikonoak izango ditue. Azokeak bere burua eguneratzeko ahaleginetan jarraitzen dau.
Abenduaren 5etik 8ra izango dan Durangoko 54. Azokearen egitaraua eta barrikuntzak aurkezteko prentsaurrekoan ondokoak nabarmendu ditue arduradunek:
Nerea Mujika (Gerediaga): Aurten beste espazio bat izango dogu, Bartolome Ertzilla musika eskolea, hain zuzen be. Bertan egingo dira inaugurazino ekitaldia, #gogoetarenplaza eta DA! PRO egitasmoa.
Gerediagako presidenteak azaldu dauenez, Azokako aurrekontua 668.450 eurokoa izango da eta horregaz Azokeak egiten dauen ekarpena handia da; alde batetik, euskal kulturearen transmisino eta zabalkundeari jagokonez; bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten deutson. Ekarpen horri lotuta, Azokako azken egunean prentsaurrekoa antolatu dau Durangoko Azokeak, Siadeco taldeagaz batera, Azokearen eragin ekonomikoaren inguruko ikerketea aurkezteko.
Areto Nagusia (Esther Soto): Aurten Gerediagarentzat berezia izango dan ekitaldi bat izango dogu: #throwingvoices izeneko ikuskizunean, Uxue Alberdi eta Rachel Newton idazle eta arpa-jotzaileen eskutik, alkarrizketa musikatua eskainiko deuskue.
Ahotsenea (Unai Pelaio): Lau egun, 49 disko-aurkezpen eta 62 solasaldi. Ahotsenea sortzaileen plaza bihurtuko da. Guztira, Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira.
Irudienea (Johana Olabarria): Mundu digitalak oso presentzia nabarmena izango dau aurten Irudienean. Hiru websail aurkeztuko dira: Tantaka, Pikuak eta Kartzela.
Kabia (Gorka Julio): Kabian, mundu digitalean euskeraz sortutako azken nobedadeak topauko ditugu. Zapatu arratsaldean adibidez, @ATOPIArpg, igazko sormen bekearen irabazleek zuzeneko rol partidea eskainiko dabe.
Saguganbara (Itsaso Gangoitia): Lau egunetan zehar, liburuen aurkezpenak izango dira nagusi Saguganbaran. Horrezaz gan, ipuin kontaketak, esperimentuak, bideojokoak eta kontzertuak egongo dira.
Szenatokia (Arantza Arrazola): Aurten, izen handiko jantza talde bat izango dogu, Kukai eta Erritu lana, hain zuzen be. Horrezaz gan, lehenengoko aldiz, Antzerki eta Jantza Laburren Jaialdia antolatuko dogu.
Plateruena (Ihintza Orbegozo): Kontzertu handien plaza izango da Plateruena eta aurten EnTolSarmiento, Zetak_org, Arkada Social eta Maider Zabalegig izango ditugu.
Autoproduktoreen Plazea
Seigarren urtez, autoproduktoreek euren espazioa izango dabe Durangoko Azokan. Aurten 14 izango dira parte-hartzaileak eta horreetatik hamar lehenengo aldiz etorriko dira Azokara, eta beste lauk igazko esperientzia errepetiduko dabe:
Zure bihotzean liburua. Jose Mari Sarasola.
Ekologista naiz, baina... liburua. Gorka Egia.
Zaldiaren jokoak. Xakeen historia bat liburua. Patxi Angulo.
Yoga Kartak - Yogipuinak. Maite Arrese eta Margi Egiguren.
Azalerako ipuinak diskoa. Saroa Bikandi.
Menditarrak diskoa. Bankako Menditarrak.
Napardeath filmea. Katihotsak Kultur Elkartea.
Xaxardi ipuina. Joana Ziganda eta Iker Uribe.
Herensugeen itzulera liburua. Ander Errasti.
El secreto de Gibola liburua. Ane Odriozola.
Kaka dantzaria ipuina. Bego Goitia.
Yoga saioa diskoa. Maite Eizmendi.
Orbanak, burbuilak eta kremazko bonbak liburua. Silvia Manzana.
La casa de la buhardilla liburua. Maria Romero Fernandez.
Durangoko 54. Azokearen egitaraua ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!