Maren Goienagari, C.D.Galeako entrenatzaileari, emon deutsie 2019ko Argia Ereiten Euskera Saria

Bizkaie! 2019-11-20 11:45   Euskerea berbagai

Saria emoteko ekitaldia zemendiaren 26an izango da Muxikebarrin.

Maren Goienaga Madariaga | Ikusi handiago | Argazki originala

Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzaileak jasoko dau aurtengo Argia Ereiten Euskera Saria, zemendiaren 26an, martitzenean, 20:00etan, Algortako Muxikebarrin. Euskerearen erabilerea sustatzea onartzen dauen sariak entrenatzaile gaztearen jarrerea goraipatu nahi dau, haren bizitza personalean zein kirol ibilbidean euskerearen aldeko etenbako jarrerea dauelako, eta klubetik adierazotakoaren arabera, hari esker, taldeko jokalarien arteko euskerazko hartu-emonak eta alkarrizketak sendotu egin dira. Santurtziko ikastola batean lanean dabilen 27 urteko algortar honek Ibon Garagarza eskultorearen lana jasoko dau sariak emoteko ekitaldian.

Maren Goienaga Madariaga 16 urtegaz hasi zan futbolean Galean, 24 urte bete arte. Ordutik, entrenatzailea izan da, Gazteena eta orain hiru urtetik Senior taldearena. Sorpresa handia izan da berarentzat saria jasotea, ilusino handia egiten deustan saria da, erakusten deustalako egindako apur horrek jentearen artean zeozer piztu dauela. Harrigarria eta polita izan da. Goienagak eguneroko bizitzan euskereagaz dauen jarrerea futbol mundura eroan dau. haren berbetan, zoritxarrez, horren euskaldunduta ez dagoan giroa da futbolarena eta taldera heldu zanetik, euskera burbuila bat sortu eban, eta urteak joan ahala, klubaren barruan izan dauen presentzia handitzeagaz batera, helburu finkorik barik, burbuilaren neurria be hazi egin da, giroa euskalduntzeko prozesuan lagunduz. Goienagak uste dau hori dala jenteak ikusi dauena, izan be, Galean, bizitzearen ganerako lekuetan legez, berez jatorko euskeraz egitea algortarrari. Euskeraz berba egiteko gogoa daben personak topau dituala autortu dau, baina ohitura falteagaitik, atxakia behar eben euskeraz egiteko eta atxakia hori uste dau berak erraztu dauela lehenengo berbea euskeraz eginez. Goienagaren eretxiz, Euskaraldiak kontzientziazinoa sortu eban eguneroko bizitzan euskerea sustatzeko ohiturearen aldeko aldaketea egiteko.

Entrenatzaileak ikastolan ikusten dau gazte askok euskerea mundu akademikoagaz eta beharragaz lotzen dabela eta horrek ezkortasuna dakarrela. Gazteek gustuko daben ekintzetan, jarduera fisikoagaz edo aisialdiagaz zerikusia daben ekintzetan, euskerearen hazia sartzea oso garrantzitsua dalakoan dago bera. Esate baterako, uste dau oso erantzun ona emoten dauela animozko euskerazko berbak edo esaera zaharrak erabilteak: Berba horreek asko gustetan jakez gazteei, zuzenak diralako eta, holan, euskereari bizirik eusten laguntzen dogu. 'Adibidez, egoera txar batean Ogi gogorrari agin zorrotza esaerea azaldu neban eta orain, askotan, erabilten dugu, adierazo dau Goienagak. Berarentzat oso polita izan da ikustea Galean euskaldunak ez diran asko denporaldiaren amaieran hartu-emonak euskaldundu izatea beragaz, bortxatu barik. Sariak bultzatuko nau gero eta gogo gehiagogaz jarraitzeko egiten doguna egiten, hau da, euskerea normaltzen bizitzearen arlo guztietan, amaitu dau 2019ko Euskera saridunak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu