'Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian', Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2019-11-19 13:25   Kulturea

2019ko zemendiaren 20tik 2020ko zezeilaren 23ra.





Sorolla Museoaren eta Sorolla Museoa Fundazinoaren (Madril) laguntzinoagaz antolatutako erakusketea gaur aurkeztu dabe Arte Eder Museoan, Bilbon.

Joaquín Sorollak (Valentzia, 1863–Cercedilla, Madril, 1923) bi mila orio-pintura inguru pintau zituan kartoian, oholean, papelean eta neurri oso txikiko mihiseetan –gehienez be 20 x 30 cm-koak–; obra horreei ohartxoak, orbanak edo koloretako oharrak deitzen eutsien artisteak. Artistearen ibilbidearen momentu bakotxeko lanagaz lotuta dagioz beti, baina ezin dira hartu ondorengo konposizinoak prestatzeko ikerketa modura. Hain zuzen be, Sorollaren ikuspegiaren zeozelako erregistroa dira, haren interes piktorikoen laburpenik onena.

Sarri erabilten zituen holako ohartxuak XIX. mendeko artista handiek, eta Sorollak be bere bizialdi osoan erabili zituan, trebetasuna lantzeko; era berean, artistearen produkzino pribatu eta libreenaren lekuko preziatuak dira. Argazki askotan ikusten danez, Sorollak bere tailerrean izaten zituan obra txikiok eta, sarritan, bere jarraitzaileei erregalau, ongintzazko egintzetara bideratu edo beste margolari batzuekaz trukatzen zituan. Baina horreetako asko nazinoarteko erakusketa handietan aurkeztu eta saldu ziran –batez be, 1909. eta 1911. urteetan Ameriketan egindako biretan–; horreetan egilearen talentuaren adierazpen kontzentratutzat hartu zituen.

Kontuak kontu, Sorolla Museoaren eta Sorolla Museoa Fundazinoaren laguntzinoagaz antolatutako Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian erakusketan, María López Fernández, Blanca Pons-Sorolla eta Consuelo Luca de Tena izan dira komisario. Lehenengo biek erakusketarako argitaratutako katalogoan jasotako saiakerak eta kronologia egin ditue.

Erakusketan Sorolla Museoaren bildumako 186 margolan dagoz, formatu txikian, ohol, kartoi edo beste material batzuetan. Beira-arasa txiki batean, egilearen paleta eta beste lanbide-tresna batzuk erakusten dira, artistearen aire zabaleko margolari bokazinoaren adierazgarri.

Madrilgo Sorolla Museoan erantzun bikaina izan ostean, Inpresioak ehizatuz. Sorolla formatu txikian erakusketea Bilboko museoan ikusi ahal izango da, eraikin modernoaren 32. eta 33. aretoetan.


Sorolla berbaldi-zikloa

- Abenduaren 11n:

Joaquín Sorollaren oharrak. Haren ikuspegiaren mamina. Hizlaria: Blanca Pons-Sorolla. Joaquín Sorollaren lanean espezialistea dan ikertzaile independentea.

Erakusketea gainbegiratuko da, agirian jarteko koloretako ohar horreek ze lotura eben Sorolla une bakotxean pintetan egoanagaz, nahiz eta gitxi batzuk hartu daitekezan obra garrantzitsuagoak prestatzeko lantzat. Ohartxu horreetan ikusten da zein zan Sorollaren ikuspegia eta zelan laburbatzen eban ikuspegi hori pintzelaren bitartez. Aldiunea jasoteko lanak ziran, etenbako ikerketea, Sorollaren artista-arimearen isla: ikusi, sentidu, pintau..., Francisco Alcántarak esaten eban moduan.


- Abenduaren 18an:

Sorolla eta euskaldunak. Erretratua eta pertsonaia. Hizlaria: María Jesús Cava Mesa. Deustuko Unibersidadeko katedradun emeritua, historialaria eta idazlea. Sorollaren pintura memoriaren eremutzat hartuta, berbaldian, euskal jatorriko personaien erretratu batzuk aztertuko dira, zientziaren, giza zientzien, politikearen, artearen eta negozioen munduakaz lotutako gakoak eta arketipoak ikusteko.

Erretratua eta personaia buztartuko dira, artistearen interesei eta erretratatuen nortasunari buruz hausnartzeko.

19:00etan, Auditoriumean
12 € publiko orokorra / 8 € Museoaren Lagunak
Izena emotea online bakarrik, www.museobilbao.com webgunean, zemendiaren 28tik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu