David Cantalejok Musikagile Gazteen XXX SGAE Fundazinoa-CNDM 2019 Saria irabazi dau

Bizkaie! 2019-11-19 12:37   Musikea

David Cantalejo da (Bilbo, 1985) lehen sariari eutsi deutson musikagilea La noche de Walpurgis obreagaz.

Ezkerretik eskumara: David Cantalejo eta Pilar Jurado | Ikusi handiago | Argazki originala



Musika Difusinorako Gune Nazional eta SGAE Fundazinoaren Musikagile Gazteen XXX deialdiaren irabazlea ezagutarazo dabe bart: David Cantalejo da (Bilbo, 1985) lehen sariari eutsi deutson musikagilea La noche de Walpurgis obreagaz. Danetara, 35 urtetik beherako lau musikagilerentzako sariak aurreikusten ziran, hain zuzen be, euskal musikagilea ez eze, honakoak: Antón Alcalde Rodríguez (Rianxo, A Coruña, 1992); María del Pilar Miralles Castillo (Almería, 1997); eta Bruno Angelo (Brasil, 1985).

KOAN 2 talde instrumentalak musikagile horreen guztien obrak interpretau zituan José Ramón Encinar maixuaren zuzendaritzapean, sarien zarratze-ekitaldian, Madrilgo Reina Sofía Arte Museoaren Auditorioan, CNDM erakundearen Series 20/21 denporaldiko programazinoaren barruan. SGAE taldeko presidente Pilar Juradokok adierazo dauenez, benetan oso sari garrantzitsuak ditugu honako honeek, izan be, balio itzela dabe musikagile gazteen estreineko obrak aditzera emoteko eta hainbat gunetan zabalduak izateko.

Errezitala publiko osora zabalik egindako saioa izan zan, sarien epai-mahaia lekuko. Epai-mahaiak erabagita: Xavier Montsalvatge Saria (6.000 €), lehena David Cantalejorentzat; Carmelo Alonso Bernaola (3.000 €), bigarrena María Pilar Mirasellesentzat; Francisco Guerrero Marín (1.500 €), hirugarrena Antón Alcalde Rodríguezentzat; eta Juan Crisóstomo Arriaga ohorezko aitamena, azkenik (1.200 €), Bruno Ángelo brasildarrarentzat. Bide batez, 2019an ere SGAE Fundazinoak disko bat argitaratuko dau lehiaketearen lau obra finalistakaz.


David Cantalejo

Jose Torre maixuaren gidaritzapean musika ikasketak egin zituan Nafarroako Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Eskolan, eta, Eulàlia Soléregaz piano ikasketak osotu zituan Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan. Musikagintzearen lehen mailako hainbat sariren irabazlea da, tartean, Durango Uria, baita kamara lehiaketak be, Iceberg piano eta flauta bikotearen partaide legez. Garaikideak musika garaikideko taldeko kidea be bada. 2016an, akordeoi eta orkestrarako Elegía del silencio obrea estreinau eban Nafarroako Orkestra Sinfonikoatgaz, NAK Festibalaren barruan, hain zuzen be. Da_sh Editions argitaletxeak edo eta Silboberri alkarteak ditugu haren zenbait obren publikatzaileen artean.


Saria

Musikagintzaren profesionalen artean erabateko onarpenagaz, gazteen artean musika klasiko garaikidearen sorkuntzea bultzatzea da helburua eta, bide batez, giza garapena sustatzea, musikagintza honen lengoia eta jokera barriak baita adierazbideak be zabalduz.

Aldez aurreko edizinoetako irabazleen artean lehen mailako sortzaileak dagoz, besteak beste, Agustín Charles, Mauricio Sotelo, José María Sánchez-Verdú, Jesús Rueda, Jesús Torres, Pilar Jurado, Gabriel Erkoreka, Ramón Humet, Juan Cruz Guevara, Jesús Navarro, Oliver Rappoport edo Nuria Núñez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu