Durangoko Azokeak aurtengo nobedadeen musika-zerrendea kaleratu dau Spotify plataforman

Bizkaie! 2019-11-19 08:27   Musikea

Entzuteko egin klik hemen.

Lehen aldiz, Spotify zerrenda publiko bat osotu du Durangoko Azokeak, abenduaren 5etik 8ra arte eskuratu ahal izango diran musika-nobedadeakaz. 49 abestik osotzen dabe, eta astero kanta gehiago gehituko jakoz. Entzuteko egin klik hemen.

Hiru aste falta dira Durangoko Azokako 54. edizinoa hasteko, eta sortzaileak buru-belarri dabiz euren nobedadeak kulturearen plazarako aurkezten. Musikarien kasuan be, oparoa izango da Durangoko Azokea: talde ugarik disko barria aurkeztuko dabelako aurten.

Durangoko Azokeak kulturearen plazan egongo diran musika-nobedadeakaz zerrenda publiko bat osotu dau, Spotify plataforma ezagunean. Holan, Azokako bisitariak entzun ahal izango dau aldez aurretik zein taldek argitaratuko dauen diskoa Azokarako.

54DA! musika-zerrendea 49 talderen 49 abestik osotzen dabe momentuz, eta Durangoko Azokako webgunean www.durangokoazoka.eus eta Spotify plataforman entzun daiteke.

Durangoko Azokako musika-zerrendearen ezaugarri nagusia aniztasuna da, izan be, rock doinuak nagusi diran arren, hainbat musika-estilo nahasten dira: pop, trikitixea, klasikoa, hip-hop, elektronikoa, soul eta bestelakoak. Talde ezagunak eta hasi barriak be badagoz.

Ibilbide luzeko taldeen artean, honakoak topau geinkez: Zea Mays, Urtz, Doctor Deseo, En Tol Sarmiento, Maider Zabalegi, Willis Drummond, Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Yogurinha Borova, Keu Agirretxea, Xabi Solano, Pier Paul Berzaitz eta Korrontzi, besteak beste. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken nobedadea be agertzen da, edota Pello Reparazen Zetak taldearen singlea.

Hip-hop edo trap taldeek be presentzia nabarmena izango dabe, Xatiro, Mad Muasel, Gatom, Dupla, La Basu edo Revolta Permanent lako taldeakaz. Abesti guztiak nobedadeak diran arren, hainbat talderen abesti klasikoak be agertzen dira, formatu ezbardinetan barriro kaleratuko diralako Azokan, eta, beraz, nobedade izango diralako. Horren adibide dira Skalariak, Hemendik at!, Hertzainak edo Berri Txarrak.

Talde ezagunakaz batera, euren lehenengo diskoa atera daben hainbat talde be agertzen dira: Sua, Iñorkiñak, Saia Goait, Natali edo Serge bakarlaria, adibidez. Horrezaz gan, honako taldeek osotzen dabe zerrendea: Nebrashka, Olatz Zugasti, Kaskezur, Eztanda, Unidad Alavesa, Nahiak Nahi, Agurtzane Elustondo & Ion Elustondo, Hiri Galduak, Mikel Iraeta, Xabi Aburruzaga & Mikel Markez, Thierry Biscary, Dientes de Luna, Belatz, Iñaki Palacios, Niña Coyote & Chico Tornado, Afrika Bibang eta Sutan.

Momentuz 49 banda agertzen diran arren, playlistera abesti gehiago gehituko dira hurrengo egunetan, hainbat taldek oraindino ez dabelako euren nobedadea aurkeztu, besteak beste, Arkada Social, Skakeitan, Arima, Joseba B. Lenoir edo Onki Xin taldeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu