VIII. Berbagunea Bilbon

Bizkaie! 2019-11-18 12:57   Euskerea berbagai

Bilbotarren eguneroko bizimoduan euskerearen erabilerea sustatu eta normalizetea da helburua.



Danon artean euskerea eregiten lemapean, beste urte batez, Berbagunea izango da Azkuna Zentroan, hilaren 21ean. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko euskaltegien sareagaz lankidetzan sortutako topagunea da Berbagunea, eta egunerokotasunean euskerearen erabilerea bultzatzea dau helburu.

Euskeraz berba egitea, euskerea eta euskeraz konpartidutea lemeari jarraituz, Bizkaiko gizarte, ekonomia, kirol eta politika esparruetako edade guztietako euskaldunbarri nahiz euskaldunzaharrek aukerea izango dabe topagune edegi honetan patxadaz berba egiteko. Kulturen Atarian izango da topaketea, egun osoan zehar.

Zortzigarren edizinoa gaur aurkeztu dabe Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko zuzendari nagusiak, Mari Jose Arrieta Bilboko Udaleko Euskera saileko zuzendariordeak eta Aitziber Olabarrieta Berbaguneko koordinatzaileak.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko euskaltegien lankidetzeagaz, eguneroko bizimoduan euskeraz egitearen garrantzia azpimarratu nahi dabe. Euskerea urteko 365 egunetan kalera ateratzea dau helburu uriko euskaldun guztientzako ekimen honek, euskera-maila edo euskalkia kontuan hartu barik. Horregaitik, eskatzen dan gauza bakarra euskeraz berba egitea, euskerea euskeraz konpartiodutea da. Beraz, edade eta egoera guztietako personak mahai baten inguruan jesarten dira giro lasaian eta euskeraz hainbat gairi buruz berba egiteko: kulturea, kirola, aisialdia, sare sozialak... .

Ekitaldia erakargarria izateko kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika-arloko eragileek ere parte hartuko dute eta mahai berean egongo dira Berbaguneko partaideakaz.

Berbaguneak euskeraz ulertzeko eta berba egiteko kapaz diran 1.000 persona baino gehiago batu nahi ditu zemendiaren 21ean; hitzordu horretan, mahai beraren inguruan jarriko dira euskaldunak eta euskerea ikasten dabizenak. Txandak ordu eta erdikoak izango dira, 09:30etik 19:30era bitartean.

Jarduerea egun osoan izango da Azkuna Zentroko atrioan, lau txandatan. Lehenengo txandea 09:30etik 11:00etara bitartean izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena, barriz, 18:00etatik 19:30era.

Lehenengo hiru txandatan batxilergoko eta DBHko laugarren mailako ikasleak ibiliko dira. Ordutegi horretan Bilboko Euskaltegietan euskerea ikasten dabizanak be egongo dira. Arratsaldeko txandea, ostera, ekimenean parte hartu nahi daben herritarrentzat gordeta egongo da.

Txanda bakotxean hainbat talde antolatuko dira. Talde bakotxean sei persona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz berba egingo dabe. Hogei minutu pasauta, egondako mahaitik altzau eta beste mahai batera joango dira, beste gai bati buruz berba egiteko. Txanda bakotxean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; horretarako, parte-hartzaile bakotxak triptiko bat jasoko dau jorratuko dituen gaiakaz.

Horrezaz gan, mahai bakotxean persona bat egongo da gaia proponidu eta barriketaldia gidatzeko. Aurten, Asier Hormaza zinemako, antzerkiko eta telebistako aktorea izango da aurkezle eta dinamizatzailea. Gontzal Mendibil be izango da Berbaguneko zortzigarren edizino honetan, hain zuzen be, abesti herrikoiak kantauko ditu parte-hartzaileakaz batera.

Barrikuntza moduan eta euskerazko kultur-eskaintza zabalagoa emoteko ikastetxeek, euskaltegiek eta norbanakoek, holan eskatzen badabe, Berbagunera egiten daben bisitearen barruan aukerea izango dabe Agur Etxebeste filma, Donostiako Zinemaldian estreinau barri dan filma ikusteko.

Ekimena herritarrentzat zabalik dago, euskeraz dakiten edo ikasten dabizen persona guztiak gonbidatzen dira parte hartu deien. Dobako ekitaldia da; eskatzen dan bakarra euskerea erabiltea eta aktualidadeko gaiei buruz edozeinegaz berba egiteko prest egotea.

Berbagunean parte hartu nahi daben personek izena emon behar dabe aurretik, 944162472 telefonoan edota berbagunea@gmail.com helbidean.

Lekuak bete arte emon ahal izango da izena. Nahitaezkoa da izena emotea parte hartzeko.

Berbaguneak Kutxabank, El Corte Inglés eta Deiaren babesa dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu