'Ganze Tagen zusammen' film alemaniarrak irabazi dau 61. Zinebiko Sari Nagusia

Bizkaie! 2019-11-15 13:38   Zinemea

Mateoren ama dokumentalarentzat izan da Euskal Zinemearen Saria.

Epaimahaikideak eta Zinebiko arduradunak, palmaresa irakurteko agerraldian (argazkia: Zinebi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiaren, Zinebiren, 61. edizinoak baditu irabazleak; epaimahaiak sarituen barri emon dau, goizean egindako agerraldian. Aurtengo saririk garrantzitsuena Luise Donschen zuzendari alemaniarrari emon deutsie, Ganze Tagen zusammen fikzinozko film laburragaitik.

Epaimahaiaren ustez, Donschenek erakarteko gaitasun bikaina agertu dau, ikusleak protagonistearen barruko mundura ez eze, komunidadearen intimidadera be eroaten ditu. Hori guztia, sotiltasun handiz egiten dau, ganera.

Beste saritu batzuk be egon dira 61. Zinebin. Euskal dokumental bik eroan ditue Euskal Zinemearen eta Espainiako Zinemearen sariak. Lehenengoa, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama pelikulearentzat izan da. Espainiakoa, ostera, Ana Serna eta Paula Iglesiasen Solo son peces-ek irabazi dau.

Bestetik, film labur dokumentalaren ataleko irabazlea Carne izan da (Camila Kater, Espainia/Brasil); fikzinozko lan laburrik onenarena, Emteham (Sonia K. Hadad, Iran); animazinozko atalean, Physique de la tristesse gailendu da (Theodore Usheven, Kanada). Pilvi Takala finlandiarraren The Stroker dokumentalari aitamen berezia egin deutso epaimahaiak.

Zinemagile barriei bultzadea emoteko asmoz, Zinebi First Film sari mamintsua, 12.000 eurokoa, emoten dau jaialdiak. Aurtengoan, Argentinatik bere lehenengo pelikulea aurkeztera etorri dan Eloísa Solaasek irabazi dau. Las facultades izeneko lanagaz hartu dau parte Zinebin. Aitamen berezi bi be egon dira: Those That, At A Distance, Resemble Another (Jessica Sarah Rinland, Espainia/Erresuma Batua) eta Sphia e Agës (Lendita Zegiraj, Albania/Kosovo/Kroazia). Atal honetako gazteen saria Säsong-ek irabazi dau (John Skoog, Suedia).

Beste erakunde batzuen sarien artean be palmares zabala egon da. SGAEk emoten dauen Euskal Gidoirik Onenaren Saria Josu Martinezen Anti estreinau barriak eskuratu dau. Ikus-entzuleen EITB Saria, aldiz, Suitzara joan da: Aline Höchliren Warum Schneken Keine Beine Haben. FAS Zineklubak La vía flotante (Zazpi t'erdi kolektiboa) aukeratu dau.

Behin irabazleen barri emonda, amaierako galea baino ez da faltau 61. Zinebi biribiltzeko. Gaur bertan, barikua, izango da, Bilboko Arriaga Antzokian (20:00). Bertan emongo deutsiez Mikeldiak eta ganerako oroigarriak irabazleei. Márta Mészáros hungariarrari Ohorezko Mikeldia be emongo deutsie. Mészárosek ezin izan dauenez etorri, osasun kontuak dirala eta, haren iloba Cleo Ladanyi egongo da Bilbon.

Bihar, zapatua, lan sarituen pase berezia egingo dabe Arriagan bertan. 18:00etan hasiko da saioa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu