Josu Martinez: 'Zinebin, zemendiaren 8an estreinauko da 'Anti' filma'

Koldo Isusi Zuazo 2019-11-04 07:55   Barriketan

Zinemagile bilbotar baigorriartua.

Josu Martinez zinemagile bilbotarrak zuzendutako Anti (2019) film laburrak sari bi irabazi ditu Claypoleko (Argentina) Zinema Independenteko jaialdian: Epaimahikide Gazteen Saria eta Ikusleen Saria.

Anti, Adabaki Produkzinoak eta Gastibeltza Filmak aurten produzidutakoa da. Bestalde, igaz Adabakik produzidutako zuzendari beraren Ama film laburraren jarraipen zinematografikoa be bada Anti.

Martxela Aneva-Fuchs, Hélène Hervé eta Ximun Fuchs dira aktore nagusiak. Anti filman 1921eko neguko gorabeherak agertzen dira. Frantziaren alde lau urtez fronteetan burrukan ibili ostean, soldadu joandako herritarrak Baxenafarroako Bizkarsoro herrixkara itzuli dira. Bestalde, Parisetik maistra heldu barri da Bizkarsorora. Herriko umeek euskeraz besterik ez dabe egiten. Maistrak frantsesez baino ez.

Kontuak kontu, zinemagilea, idazlea, ikertzailea eta bertsolari txapelduna (Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea irabazi eban 2003 eta 2004an) da; ikus-entzunezko komunikazinoan doktorea eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziaduna.

Itsasoaren alaba, Sagarren denbora, Prohibido Recordar eta Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak zuzendu ditu, bakarka ala beste zinemagile batzuekaz batera; bestalde, Hitzezko txalupak (2012, Alfonso Etxegaraigaz alkarlanean) eta Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburuen egilea be bada.

2012an, André Madré-ren arrastoaren atzetik, Gure Sor Lekua filmaren kopia mutu bat topau eban Parisen; eta haren inguruan doktore tesia idatzi eban, euskarazko zinemearen hasierak kontetako: Gure (zinemearen) sor lekua. Euskerazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia.

Horreaz gan, Bertsolari aldizkariko zuzendaria izan zan, eta komunikabide askotan kolaboratzaile. 2007an, Rikardo Arregi kazetaritza sari berezia eskuratu eban. Bertso munduan Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea irabazi eban 2003an eta 2004an.


1.- Zuk zeuk zuzendutako Anti (2019) film laburrak sari bi eskuratu ditu Claypoleko (Argentina) Zinema Independenteko jaialdian: Epaimahikide Gazteen Saria eta Ikusleen Saria. Pozarren egongo zara...

Zelan ez. Kanpoan saritu nabe eta jentearen gustokoa izateak pozten nau, autortza garrantzitsua da. Kanpoan zabaltzeko moduko filma da eta sariok bidea zabaltzeko balioko dauela pentsetan dot. Argentinan, Txilen, Sardinian eta Euskal Herrian be badabil eta gauza ona da hori.

Etxean be, Zinebin, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdian, aurten, zemendiaren 8an estreinauko da Anti eta etxean, hurrekoakaz eta ezagutzera emotea zeure lana ederra da.


2.- Martxela Aneva-Fuchs, Hélène Hervé eta Ximun Fuchs dira aktore nagusiak Anti filman baina ze gai jorratzen dozu?

Anti fiman jorratu gura izan dodana da Iparraldeko Baigorrin, Bizkarsoro izena emoten deutsagun horretan, XX. mendearen hasieran, frantsesa sartu eben indarrez eskolan eta umei euskerea ahaztu eragiteko ahaleginak egin zituen. Hegoaldean eraztuna erabilten zan, euskerea egiten ebanak jazoten ebana; harek hurrengoari emon behar eutson eta azkenekoa eukanak hartzen eban zigorra. Iparralden, barriz, anti zan, Anti Basque makiltxua zan eraztunaren ordezkoa. Anti horren gorabeherak dira nagusi filman.


3.- Igaz Adabakik produzidutako eta zeuk zuzendutako Ama film laburraren jarraipen zinematografikoa be bada Anti. Kontaiguzu zeintzuk diran loturak?

Bai. Baigorri, Bizkarsoro dabe zeozelan ardatz. Uniberso bardintsua dago bietan, Anti urte batzuk aurrerago jazoten dan arren, lekuak eta egoerak konpartiduten ditue. Ama-n egozan personaia batzuk Anti-n be agiri dira eta jarraipen modukoa da. Nire asmoa izango da Bizkarsoro herriagaz laupabost film labur egitea eta, serie bat, azken urteotan kultura zein gizarte mailan ze aldaketa izan dan ezagutzera emonez.


4.- Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdian erakutsiko dabe lehenengoz Anti, zemendiaren 8an. Lander Ibarretxe, Ainhoa Gutiérrez, Paula Iglesias eta Ana Serna, Jesús Mª Lazkano eta Josu Venero eta Lur Olaizolan lanakaz batera...

Bilbon, etxean aurkeztea ederra da niretzako, familia eta lagunak alboan dirala ikusiko dogulako Anti; jente aditua be egongo da eta hori be sano interesgarria da niretzako.


5.- Filmografian 6 bat lan dozuz baina aparteko burukominak eragin eutsuzana 2012ko Barrura begiratzeko leihoak izan zan, zeuk koordinau eta Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategigaz batera zuzendu eta idatzitako dokumentala. Burukomina ala promozinoa izan zan gehiago?

Bai, nahikoa zaparrada eragin eban Barrura begiratzeko leihoak filmak baina makinatxu bat urte pasau diran arren, 7 urte, hain zuzen eta orduko eta gaurko egoerak nahikoa antzekoak diran arren, ondo gogoan dodaz sasoi haretan entzundako kritika eta enparauak. Filma egin aurretik be epaitua izan zan, atara kontuak... Donostiako Udalak emon euskun diru-laguntzinoak bazterrak astindu eta kritika politikoak be entzun genduzan. Baina egia da gura ez dala filmaren promozinoa be izan zala. Hori bai esan behar deutsut oihartzun eta zaparrada horreek guztiak erregalau egingo neukezala burukominak baztertzearren.


6.- Lapurdin egoitzea dauen Gastibeltza Filmak produkzino etxea sortzen be lan handia egin dozu...

Gurean, Ipar Euskal Herrian zinemearen munduan industriarik ez dagoala ikusita ia beharrezkotzat jo neban produkzino etxea sortzea. Urte batzuk badira Baigorrin bizi nazela eta holan etorri zan kontua. Eñaut Gaztañet, Katti Pochelu eta Grazi Irigaray eta laurok batu eta pausuak emoten hasi ginan, sinisten dogulako Hegoaldean dagoan moduan hemen be behar zala holako tresna edo kanal bat.


7.- Idazle be bazaitugu eta bertsolari saritua be bai, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea irabazi zenduan 2003an eta 2004an. Bertsolari bikaina galdu dogu ala zinemagile saritua irabazi?

Bertsolari bikaina ez dozue galdu [Barreka] eta zinemagilearen kontu horretan, saiatua banazela esango deutsut. Aspaldiko kontuak dira bertsolaritzakoak baina egia da gaztetan, 18 urte edo gitxiagogaz eskolartekoetan eta ibilitakoa nazela eta irabazi nituala Eskolarteko Txapelketa bi, 2003an eta 2004an.

Idazle zeregin horretan be ez daukat burua halakotzat hartzen, egunerokoan neure burua askatzeko tresna dira. Ez dakit idazten jarraituko dodan ze niri gustetan jatana da istorioak kontau eta herritarren artean eragitea.


8.- 2012an, André Madré-ren arrastoaren atzetik, Gure Sor Lekua filmaren kopia mutu bat topau zenduan Parisen, doktore tesia idazteko ardatz: Gure (zinemaren) sorlekua. Euskerazko lehen filmaren aurkikuntzea, historia eta analisia. Upealako aurkikuntzea...

Beharrean, tesia idazten, ikertzen nenbilen sasoi haretan eta gure herria zinemarik apenas izan dauen herria izanda, ia ezer izan ez dauen herria izanda sano inportantea eta entzute handikoa izan zan Gure Sor Lekua filmaren kopia mutu bat topetea.


9.- Zer egiten dau bilbotar batek Iparralden biziten?

Ogia erosi, lan egin...[Barreka]; edozeinek edonon egin leikezan gauzak baina bihotzeko kontuek ekarri ninduen Baigorrira eta gustora nabil, arkeologia filmikoan nabil han eta hemen. Unibersidadean eskolak emoten eta ikerketak egiten nabil, astean egun bi egiten dodaz Bilbon.


10.- 2007. urtean Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi zenduan. Kazetaritza lanak baztertuta dozuz?

Ez. Ikusentzunezko komunikazinoan doktorea eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua izan arren, zinemagintza arlora jo ahal izateko ia berez sartu nintzan mundu horretan; Euskadi Irratian kolaborazino batzuk egin nituan, beste medio batzuetan be ibili nintzan baina 2004. urtea edo izango zan. Idatzi dodazan liburuak be horretarako idatzi nituan zinemearen mundura hurreratzeko asmoa gogoan. Lehen be esan deutsut niri istorioak gustetan jataz eta zein tresna dan egokiena horixe aukeratzen dot.


11.- Anti filmari eustea izango da orain zure lana baina ze erronka dozu buruan bueltaka?

Duda barik. Baina udabarrian gura neuke beste film labur bat egin, Anti-ren jarraipena, Bizkarzoro serieko hurrengoa, hirugarren alea izango dana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu