Bertha Gaztelumendi: 'Transmisinoari erreparauta holako dokumentu bat nahitaezkoa zan'

Koldo Isusi Zuazo 2019-11-18 07:55   Barriketan

Zinemagilea.

Bertha Gaztelumendi Caballero (Irun, 1962) kazetaria eta ikertzailea da Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedran. EHUn ikasi eta EiTB eta Emakunderako lan egin dau. Zinema zuzendaria be bada eta Mariposas en el hierro, 2012; Nigar franko egingo zuen aitak, 2014; Las buenas compañías, 2015; Volar, 2017; eta Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa, 2019 zuzendu ditu, azken hau Euskal Herriko zentral nuklearrak geldiarazo zituan burrukea eta Gladys del Estalen hilketearen 40. urteurrena eta horren inguruko jazoerak erakusten dituan dokumentala.


1.- Sekula martxan jarri bako Lemoizeko zentral nuklearraren gorabeherak nork ez ditu gogoratzen, Nuklearrik, ez eskerrik asko txapak, Gladys del Estalen hilketea 1979an, ezbehar nuklearra, manifestazinoak eta enparauak. Gaur egungo gazteek, ostera, ezagutu be ez ditue egiten horreek kontuok. Zelan otu jatzun pasadizo hareetan oinarritutako dokumentala egitea?

Aspaldiko kontuak dira. Gogoa geunkan Sabino Ormazabalek eta biok orduko sasoietako giroaren barri emoteko. Idea Sabinorena izan da, oso sartuta egon zalako mobimentu antinuklearrean baina biok ibili gara beharrean. Gaur egungo eta bihar-etziko belaunaldiek aitatu pasadizoak ezagutzeko intentzinoagaz filmau dogu dokumentala. 40 urte pasau dira eta transmisinoari erreparauta holako dokumentu bat nahitaez egon behar zala pentsau genduan.


2.- Askok Gladys del Estal nor zan be ez dabe jakingo. Nor zan?

Gladys del Estal 23 urteko neska gazte donostiarra zan, sasoi haretan, Europan eta munduan zentralen kontrako mobimentua sortu zanean oso inplikauta egoana. Oso aktiboa zan eta batzordeetan be parte hartzen eban. Kontua da ze, Harrisburgeko ezbeharra jazo zanean, protesta deialdi handia egin zan munduan, baita gurean be, Tuteran egitea erabagi eta hara joan zan Gladys bera be. Baimenduta egon arren, polizia sartu eta bazterrak astindu zituan. Gladys bertan hil eben goardia zibilek, José Martínez Salasek, hain zuzen be; eta harrigarria izan arren, orduko gobernuak ez eban biktimatzat hartu. Dokumentalaren bidez aldarrikapen hori egiten dogu geuk be, biktimatzat hartu deiela, hain zuzen be

Filma omenaldia be bada munduan lurra, ura eta naturea defendiduteagaitik hildakoei omenaldia, besteak beste, Berta Caceres Honduraseko ekintzaile ekologisteari autortzea.

 

3.- AEBetan zein Europan bizi-bizi egoan zentral nuklearen kontrako giroa. Gurean, Lemoiz, Ea, Deba, Arguedas...

Bai. Urte asko joan dira baina gizarteak gogor egin eban nuklearren kontra; Franco 1975ean hil ostean, transizinoa etorri zan baina tartean poliziaren jarduerea oso gogorra zan eta aurrerago 1978ko Konstituzinoak markau eban transizinoaren amaierea. Gauza asko egoan egiteko, aldatzeko preminea eta lan egiteko indarra egoan gizartean, etorkizuna eregiteko gogoa eta, esangura horretan, jenteak ikusi ebanean Lemoizen, eta beste herri batzuetan baegoala zentral nuklearrak eregiteko asmoa, jentea bere lurraren alde azaldu zan. Mobilizazino handiak eta oso jentetsuak izan ziran.

 

4.- Sabino Ormazabalenak dira gidoia eta bultzatzaile lana. Zelan konpondu zarie?

Duda barik. Motorra Sabino izan da, lehen be esan deutsut mobimentu antinuklearrean buru-belarri ebilela eta baeukan gogoa, baita neuk be orduko kontuak zabaltzeko.

Ganerakoan, oso ondo konpondu gara, lehendik be ezagutzen ginan eta alkarregaz behar egindakoak izanda oso gustora ekin geuntsan beharrari. Giza eskubideak ardatz dituan Argituz taldean be ibilitakoak gara, hor ezagutu ginan eta txostenak idazten eta bestelakoak egiten eta oso ohituta gagoz holako lanetan.

5.- Zinebi Jaialdian, filma estreinetea ederra izango zan zuretzako. Zer sentidu zenduan?

Poza. Zinebin, Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdian eta Durangoko Azokan, Irudienean be estreinauko dogu abenduaren 8an, 13:30ean eta oso pozik nabil. Donostiako hitzordua abenduaren 12an izango da Antzoki Zaharrean, 19:30ean.

Ganerakoan, gu beste zirkuitu batzuetan ibiliko gara, kultur etxe, antzoki txiki eta holakoetan ze badakizu gurea dokumentala da eta zinema-aretoetan eta gatx ikusten dira holakoak.


6.- Nigar franko egingo zuen aitak dokumentala 2014koa da. Gerra Zibila eta horren ondorioak jorratu zenduzan baina lehenengo personan, Gipuzkoako Villabonako biztanleen eskutik...

Bai, ondo gogoan daukat. Xabier Urmenetak idatzi eban gidoia eta esperientzia polita izan zan. Gerra Zibilaren urteetan ume batzuen bizipenak, bizikidetzea eta jaso genduzan. Egoera mingarri eta gogor hareetatik bizipozera salto egin zituenekoa.


7.- Volar, indarkeria matxistea sufridu daben 9 emakumeren testigantzea Donostiako Zinemaldian estreinau eta Danimarkako Nazinoarteko Zinemaldian saritua izan zan. Zer nabarmendu gura zenduan?

Proiektu potoloa izan zan, Emakunde be tartean egoan eta urteak emon genduzan dokumentazino lanetan, emakumeei alkarrizketak egiten, hausnartzen eta. Hasieran lan edo ikerketa moduan ekin geuntsan arren, filma egiteko idea aitatu eban bateren batek eta hor joan ginan. Emakumeek biktima izateari zelan itxi lako gaiak jorratzen dira filman.

8.- Indarkeriari buruzko zenbait txosten idatzi izan dozuz eta indarkeria zein alkarbizitzea dozuz ardatz zure lanotan. Argituz alkarteko kidea be bazara. Zein zuon egitekoa?

Bai. Giza eskubideen inguruan nabil orain be lanean Euskal Herriko Unibersidadeko Katedran. Aurretik be lan arlo hori oso inportantea izan da niretzako.

9.- Latinoamerikan EITBko barriemoilea izan zinan 2003tik 2010era. Justizia saileko Komunikazino eta Prentsa arduraduna be izan zinan, baita Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza sailean eta Emakunde erakundean be. Barriemoile lanotan edonon eta edozelan ibilitakoa zaitugu. Anekdotak mila izango dozuz baina bat nabarmentzekotan...

Ez dakit. Bolivia dogu orain albiste iturri, hankaz gora dago herrialdea, Evo Moralesek Mexikora alde egin behar izan dau, indigena eta enparauakaz saltsa handia dago. Kontua da ze herrialde horretan asko ibili ginala, lehenengo presidente indigena izan zan Morales, oso maitatua.

Kontuak kontu, Hegoamerikan egoera mingarriak bizi izan dodaz, bidebakokeriak edonon, boterea eta indarra herritarrak zapaltzeko. Martin Gonzalez eta biok makinatxu bat pasadizo bizi izan doguz eta arriskuan be izan gara baten baino gehiagotan. Baina beti geunkan aingerutxu bat gure alde.


10.- Zelan ikusten dozu euskal zinemagintzea?

Industria kontuetan sartu barik, La trinchera infinita pelikulea bikaina da munduko beste edozein filmari aurre egin leikiona. Goi mailako lanak egiten doguz Euskal Herrian.

Erronkei jagokenez, zeozertxu badaukat eskuartean eta etorriko da momentua zehetasunak eta zabaltzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu