Doinu tradizionalak eta atzerriko kolaboratzaileak, Xabi Aburruzagaren lan barrian
2019-11-14 13:07 MusikeaTrikitixako hamalau pieza sartu ditu Bost diskoan.
Xabi Aburruzaga trikitilariaren laugarren diskoa, Keltik, musika zeltan zehar egindako bidaiea izan zan, eta orain aurkeztu dauen Bost, ostera, bere barrurako bidaiea izan dala azaldu dau. Azken urte biotako bizipenak, gogoetak eta lagun barriak dira Aburruzagaren bosgarren diskoaren oinarria. Kolaboratzaile askoren laguntzinoagaz sortu eta grabau ditu hamalau abestiak, bederatzi instrumentalak eta beste bost berbadunak.
Quebec, Palestina eta euskal diasporea ezagutu ditu azkenaldion Aburruzagak, diskoko hainbat piezatan nabarmena danez. La Bottine Souriante talde quebectarreko kide Yves Lambert agiri da Reel québécois kantuan, eta Amerikako euskaldunei eskainita dago Zortzi jauzi. Andrea Bidart euskal-amerikarrak eta Boiseko abesbatzeak hartu dabe parte Bost diskoan.
Galizieraz eta euskeraz egindako Meigas piezearen historia be kontau dau Aburruzagak. Jaialdi zelta baten egoala ezagutu zituan Tanxugueiras taldeko hiru kideak, eta Galiziagaz lotutako abestiren bat egin ezkero, Aburruzagagaz batera joteko prest agertu ziran. Agindutakoa beteta, Meigas-en parte hartzeko deitu eutsen bizkaitarrak galiziarrei.
Palestinara begira jarri da, bestetik, Non da Palestina? eta Nadirren giltza piezetan. Hurrago begiratu dau, ostera, semeari eskainitako Izei-n, edo Palentziara aitita-amumakaz joaten zaneko sasoien inguruko Bilbao-La Robla eta Waltz for Velilla-n. Otxandioko Mekoleta auzoko emonaldietako giroa eta lagunak dira beste abesti baten abiapuntua.
Azken horren berbak Unai Iturriaga bertsolariak idatzi ditu, hau be Mekoletako ospakizunetan egoten dalako. Hamalau piezetako musikea Xabi Aburruzagak idatzi dau, baina berbak idazteko ardurea beste batzuei ixtea gurago dau. Iturriagaz gan, Miren Amuriza eta Iñaki Aurrekoetxea be ibili dira zeregin horretan.
Diskoko piezarik bereziena, baina, instrumentala da. Bost, diskoaren izenburua daroan kantua, zerrendako bosgarrena da, zelan ez. Bosteko erritmoan joteko eginda dago. Zeozer barria egin nahi neban, eta bosteko erritmoa ez da ohikoa trikitixan, azaldu dau Aburruzagak.
Tradizinora jo dau, ostera, Hauspoaren infernutik eta 88ko txapelketa piezetan. Erreferente izan dodazan trikitilariakan oinarritu naz, baina nire ikutua emonaz, zehaztu dau Xabi Aburruzagak. Hortaz, ozeanoaren bestaldeko kolaboratzaileak, doinu zeltak, Palestinako kontuak eta trikitixea joteko modu barritzaileak ez dira faltau Bost-en, baina musika tradizionalak be badauka lekua, trikitixa klasikoa da abiapuntua.
Proiektu honetan, Aburruzagak alboan izan ditu ohiko taldekideak, Aitor Uribarri, Koldo Uriarte, Jon Cañaveras eta Eriz Perez. Ganera, kolaboratzaile ugarik be hartu dabe parte: lehen aitatutakoez gan, Fetén Fetén, Argibel Euba, Iñigo Olazabal, Mikel Markez, Amaia Oreja, Xabier Zeberio, Calum Stewart eta abar.
Disko barriko doinuak hilaren 23an joko ditu lehenengo aldiz jentaurrean, Bilboko Kafe Antzokian egingo dauen kontzertu berezian. Konbidadu eta sorpresa ugari egongo dira emonaldi horretan. Ondoren, zemendiaren 29an Sopelako Kurtzion izango da Aburruzaga, abenduaren 21ean Gasteizen, eta abenduaren 22an, Getxoko Muxikebarrin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!