Badator Jokin Zaitegi Sariketea, Literatura Nobel Sariak euskeratzeko bekea 2019

Bizkaie! 2019-11-14 08:51   Kulturea

Jokin Zaitegi idazlea gogoratzeko eta harek literatura unibersala euskeratzen egindako ahaleginari jarraitzeko da sariketea.

Arrasateko AED Alkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren babesagaz, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta harek literatura unibersala euskeratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketea antolatzen dabe, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzultzeko erabiliko dana, ondorengo oinarrien arabera:

Igazko Nobel saria emon barik itxi ebenez, aurten, Suediako Akademiak sari bi emon ditu: 2018ari jagokona Olga Tokarczuk idazle poloniarrari, eta 2019ari jagokona Peter Handke idazle austriarrari. Beraz, Jokin Zaitegi Sariketa hau be bikotxa izango da: Batetik, Olga Tokarczuk-en Prowadz swoj plug przez kosci umarlych eleberria itzularazoteko, eta bestetik Peter Handke-ren Die Angst des Tormanns beim Elfmeter eleberria.

Nobela horreetako bata edo bestea itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituan edonork hartu leike parte lehiaketa horreetan. Horretarako, antolatzaileek proponidutako lagina euskeratu beharko dau, eta egindako lana AED Alkartera bialdu: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi bialdu behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen bategaz; bestean, ezizen horren ostean dagoan egilea nor dan azalduko da, hartu-emonetan jarteko moduagaz batera. Lanak aurkezteko epea 2020ko urtarrilaren 7an amaituko da.

Itzuli beharreko testuak antolatzaileek jarriko ditue parte-hartzaileen esku. Testuak Internet bidez lortu daitekez:

Tokarczuklagina (.pdf)

Peter Handke (.pdf)

Epaimahai bi egongo dira, persona honeek osotuak: Amaia Donés, Monika Czerny eta Dorota Krajewska polonieratik euskeratutako testuetarako; eta David Lindemann, Eli Manterola eta Idoia Santamaria alemanetik itzulitakoetarako. Epaimahai bakotxak jasotako itzulpenak aztertu eta horreetako bat izentauko dau irabazle 2020ko urtarrilaren amaierea baino lehen.

Aurkeztutako lanek nahikoa kalidaderik ez balebe, sari bat edo bestea hutsik itxi ahal izango da. Kasu horretan, antolatzaileek aukerea izango leukie itzulpen hori enkarguz bateren bati eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

Irabazleek diru-kopuru honeek jasoko ditue: 2.000 euro Peter Handkeren lana itzultzeko, eta 4.000 eurokoa Olga Tokarczuk itzultzeko. Kasu bakotxean, diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko dau itzultzaileak, eta beste erdia lan amaitua entregau ostean. Lan amaitua 2020ko urriaren 30a baino lehen entregau beharko dau Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalidadea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren eretxiz), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko leuke irabazleak.

Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko ditu Peter Handkeren eta Olga Tokarczuk-en eleberriak euskeraz, eta 2020ko Durangoko Azokea izango da hori egiteko epemugea. Ale guztietan nabarmen aitatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena be baina horrek ez dau galduko bere lanaren gaineko jaubetzea.

Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat emotea dakar; berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei jagoke erabagitea.


Hartu-emonetarako:

liburuak@elkar.eus (943310267)

aed@aedelkartea.eus (943771228)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu