Leioako Musika Bandeak emongo deutso hasierea kultur agendeari

Bizkaie! 2026-01-02 08:34   Kulturea

Urtarriletik martira, Kultur Leioak kultur proposamen ugari aurkeztu ditu.

Leioako Udalak urtarriletik martira arteko kultur-programazinoa aurkeztu dau. Antzerkia, musikea, jantzea, zirkoa, bertsolaritzea eta zinema lako proposamenak atondu ditue, publiko guztientzat, eta, batez be, sortzaile garaikideari eta euskal talentuari arretea eskainiz.

Aurkezpenean, Leioako alkateak, Iban Rodríguez Etxebarriak, adierazo dau: kulturea zutabe funtsezkoa da. Euskadiko, estaduko eta nazinoarteko sortzaileen lana, proposamen garaikideak, ikuskizun familiarriak eta esperientzia artistiko ugari izango dira. Helburua da kultura publiko guztiengana hurreratzea, topaketa eta hausnarketa guneak sortzea eta Kultur Leioa erreferente kulturala izatea.

Programazinoa urtarrilaren 3an hasiko da, Leioako Musika Bandearen eskutik: Urte barriko kontzertua eskainiko dabe, Kultur Leioako Auditoriumean.

Urtarrilaren 4an zirkoak eta antzerkiak bat egingo dabe Orain Biren Mute... eta hegan! ikuskizunean, mobimentuaren eta zirko tekniken bitartez persona eta kolektiboaren aldaketea jorratzen dau. Antzerki garaikideak be protagonismo handia izango dau urtarrilaren 16an, La Dramática Errante konpainiaren R&J obreagaz, Shakespeareren klasikoaren barrikuspen garaikidea.

Bertsolaritzea Auditoriumera bueltauko da urtarrilaren 17an, izan be, Bertso Jaialdia atondu dabe. Ekhiñe Zapiain, Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus lako bertsolariek parte hartuko dabe. Musikea, barriz, soul eta bluesagaz helduko da: Sugaray Rayford eta Travellin’ Brothersen eskutik, urtarrilaren 22an. Hurrengo egunean, 23an, Chipi La Canalla taldeak El bar nuestro de cada dia ikuskizuna eskainiko dau, zuzeneko musikea eta komedia buztartuz.

Zezeilaren 6an, Auditoriumak La Cocinaren Calla y come hartuko dau, sormen-prozesuak eta nortasuna jorratzen dituan obrea. Zezeilaren 13an, La Mapatxa Teatroren El Lenguaje de la Flores komedia, XXI. mendeko maitasun hartu-emonak umorez jorratzen ditu. Zezeilaren 20an, Txalo Produccionesen El traje ikuskizuna helduko da, suspensea eta komedia buztartzen dituana. Programazinoak Una madre de pélicula barruan hartuko dau, zezeilaren 27an. Toni Acosta da protagonista.

Musikeari jagokonez, zezeilaren 28an, Auditoriumak Eric Devallon oroituz kontzertua hartuko dau, Hamaikasax Ensemble taldeagaz, saxofonistea eta irakasle frantziarraren figurea eta ondarea gogorarazoteko.

Martiko ikuskizunek karga sozial eta poetikoa izango dabe. Familiek martiaren 1ean disfrutau ahal izango dabe Markeliñeren Hodei guztien gainetik ikuskizunagaz, umezaroa, partekatutako denporea eta irudimena jorratzen dituana. Antzerki sozial eta politikoa Yo soy azul ikuskizunagaz bueltauko da martiaren 6an, La Chivata Teatroren eskutik, edadeko emakumeen estereotipoak kolokan jarten dituana; baita Feriantes ikuskizunagaz be, martiaren 13an, El Patio Teatroren eskutik.

Programazinoak proposamen hibridoak be barruan hartuko ditu, esaterako Accidental Companyren Némesis (martiak 20), zirkoa, antzerkia eta txotxongiloak buztartzen dituana; eta, La Cocinaren Producto local (martiak 21), personaiak eta gatazka sozial garaikideak jasoten dituana. Martiaren 22an Marie de Jhong Kimu (La casa de todos) eskainiko dau.

Jantzak be lekua izango dau, Doos Colectivoren Hasta el último baile obreagaz, martiaren 27an Auditoriumean.

Zinema proposamenak

Zine Forum Perseoren proiekzinoak, betiko lez, astelehenetan izango dira, 20:00etan. 

Urtarrilean Volver a ti (urtarrilaren 13a), Materialist (urtarrilaren 20a) eta Volveréis (urtarrilaren 27a) proiektauko dira, Paso a dos zikloan. Zezeilean, Llegó la comedia zikloa atondu dabe: La cena (zezeilak 3), Mi amiga Eva (zezeilak 10), Por todo lo alto (en fanfare) (zezeilak 17) eta Misterioso asesinato en la montaña (zezeilak 24). Martian, Zine Forumak programazinoari eutsiko deutso martiaren 3, 10, 17, 24 eta 31.

Familia eta umeentzako zinema saioak be egongo dira, beti be, 17:30ean: urtarrilaren 11 eta 12an; zezeilaren 8, 9, 15, 16an eta martiaren 15, 16, 29, 30ean.

Zezeilean, Kultur Leioak MendiTour – Mendi Film Festivala hartuko dau, 25 eta 26an, 19:00retan. Gainera, Mendi Astea egingo da, Leioa Mendi Taldearen eskutik, hainbat proiekzino eta jarduerekaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu