Errege Magoei harrerea egiteko sarrerak abenduaren 30ean eskuragarri
2025-12-30 08:54 KultureaSarrerak Bilbao Kulturan, hemen.
Ekialdeko Errege Magoek, Meltxor, Gaspar eta Baltasar, ia dana prest dabe Bilbora egingo daben bisitarako. Eta agendan markautako mugarrietako bat da Udaletxeko Areto Arabiarrean egingo daben harrerea, urtarrilaren 5ean, astelehenean, 10:00etatik 14:00etara. Bertan, gutunak zuzenean jaso eta amesak eta ardurak kontauko deutsee.
Hitzordua ahalik eta biziena izan daiten eta bertaratzen diranen itxaronaldia errazteko, herritarren eskura jarriko diran dobako 2.000 sarreretako bat beharko da sartzeko. Gonbidapenak, gaurtik, abenduaren 30etik, goizeko 10:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira. Erreserba bakotxagaitik umeentzako 3 sarrera hartu ahal izango dira gehienez, eta umeak persona helduek lagunduta joan beharko dabe udaletxera. Helduek ez dabe sarrerarik eskuratu behar izango.
Gonbidapenak 10 minutuko tarteetan ezartzen dira; lehen ordua 10:00etan izango da eta, azkena, 13:50ean. Lehenago, 9:30ean, behar bereziak dituen alkarteei sarbidea emongo jake, izan be, harrereak neurri integratzaileak izango ditu, besteak beste, zeinu-interpreteen zerbitzua, eta Mobikortasun Murriztua daben personei laguntzekoa eta sarbidea erraztekoa. Gainera, goizeko 11:00ak arte ez da musikarik egongo eraikinaren kanpoaldean; holan, soinu-asaldurarik bako espazioa izango da, espektro autistearen nahastea (EAN) daben personak gogoa hartuta.
Arratsaldez, Errege Magoek Bilboko kaleak zeharkatuko ditue, Erregeen Kabalgatan. Arratsaldeko 18:00etan María Díaz de Haro kalearen parean, Kale Nagusian ekingo jako; 18:30ean, Carlton Hotelaren aurretik pasauko dira; 19:00retan, Kale Nagusia eta Plaza Biribila zeharkatu ditue; eta ezustekorik ezean, 19:30ean, Bilboko udaletxera helduko dira eta, bertan, Erregeek euren mezu tradizionala botako dabe, Balkoi nagusitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
