Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 276,3 miloe euroko aurrekontua izango dau 2020an
2019-11-13 13:34 KultureaNabarmentzekoa da euskeraren irakaskuntzan dobakotasunaren aldeko apustua, B2 mailara arte.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur aurkeztu dau, Eusko Legebiltzarrean, bere Sailaren 2020rako aurrekontuen proiektua; danetara, 276.292.000 euroko proposamena, igazko aurrekontu proiektuak baino % 6,2 gehiago. Kulturako Sailburuordetzeari jagokonez, nabarmendu behar da ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen arloetan euskal sorkuntzeari emondako bultzadea, bai eta Artearen Euskal Sistemea indartzeko egindako apustua be, euskal museo nagusiei egindako ekarpena nabarmen indartuz. Hizkuntza politikan, Euskaraldiaren bigarren edizinoa, euskerearen irakaskuntzan B2 mailara arteko dobakotasuna edota arlo sozioekonomikoan euskereari bultzadea emotea dira apusturik aitagarrienak. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzeak Mugiment programea indartuko dau jarduera fisikoa sustatzeko.
Zupiria sailburuagaz batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria izan dira agerraldian. Zupiriak adierazo dauenez, aurrekontuetan jasotako politikek zeharkako hiru ardatzetan sakondu nahi dabe: gizon eta emakumeen arteko bardintasuna, euskerearen sustapena eta, hirugarrenik, nazinoartekotzea sendotzea.
Sailburuak azpimarratu nahi izan dau Legegintzaldian kulturearen, euskerearen eta kirolaren alde egiten dagozan apustua aurrekontuen ikuspegitik. Gaur aurkeztutako aurrekontu proposamena 2017an onartutako aurrekontua baino % 13,6 handiagoa da: 'Igoera nabarmena kulturea, euskerea eta kirolaren inguruko politikei jagokenean. Jaurlaritzeak apustu sendoa egin eta behar eben arnasa berreskuratu dabe; apustu horri esker, funtsezkotzat joten ditugun estrategiak, proiektuak eta tresnak bultzatu ahal izan ditugu.
Kultura Sailburuordetzea
Zuzendaritza bien (Kultura Sustapena eta Kultura Ondarea) aurrekontu-proposamenak lotura estua dau Gobernu Kontseiluak garagarrilean onartutako 19/22 Kultura Planagaz.
Kultura Sustatzeko zuzendaritzeak 33,26 miloe euroko aurrekontua izango dau datorren urtean, zatirik handiena kultur sorkuntzea bultzatzeko. Zupiria sailburuak azpimarratu dauenez, sortzaileak Eusko Jaurlaritzearen kultura-politiken erdigunean dagoz eta urtero kultura-sektore desbardinak sustatzeko helburuagaz kudeatzen diran laguntzen deialdien eta laguntza izendunen garrantzia azaldu dau. Horretarako, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzeak hamaika diru-laguntzino deialdi bideratzen ditu (eta ia 40 modalidade desbardin), bai eta kultura-sektoreakaz lotutako diru-laguntzino izendun eta ekimen ugari be.
Sorkuntzearen esparru horretan, nabarmentzekoa da ikus-entzunezkoaren aldeko apustua. Sektore horretara 2.560.000 euro bideratuko dira diru-laguntzino deialdi edegien bidez. Era berean, Kimuak programara (966.000 euro, % 5 gehiago) eta Zinema Euskeraz programara (1.095.000 euro,% 5 gehiago) bideratutako aurrekontua handituko da.
Aurrekontuen proposamenak gorakada nabarmena izango du arte eszenikoen arloan ere: Arte eszenikoetarako deialdiak 120.000 euro gehiago izango ditu. Era berean, Pabilioi 6 (652.000 euro; % 62,5 gehiago), SAREA antzokien sarera (150.000 euro, % 30 gehiago) eta Harrobia zentrora (65.000 euro, igaz baino ia hiru aldiz gehiago) bideratutako partidak areagotuko dira.
Musikaren sektorea bultzatzeko ahalegin azpimarragarria egingo da. Nabarmentzekoa da Euskal Herriko Gazte Orkestrea (EGO) indartzeko apustua (278.000 euro % 39 gehiago), ERESBIL Musikearen Artxiboaren aldekoa (351.000 euro, % 7 gehiago) eta, horregaz batera, handituko da Musika Bulegoari emondako diru-kopurua (390.000 euro, % 10 gehiago).
Kultura eta Sormen Industrien (KSI) esparruan, bi izango dira apustu nagusiak: Alde batetik, 100.000 euro bideratuko dira Gasteizko Free to Play Campusera, bideo-olgeten sektorea sendotzeko; bestetik, Tabakalerari egindako ekarpenaren baitan KSI Atea programa sustatzea aurreikusten da.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS), bestalde, 8.195.000 euroko aurrekontua izango du, 2019an baino 265.000 euro gehiago. Nazinoartekotzea bultzatzea da igoera horren helburua.
Artearen Euskal Sistemea
Sailburuak Artearen Euskal Sistema indartzeko apustua be azpimarratu dau. 2019an baino miloe eta erdi gehiago bideratuko dau Guggenheim Bilbao Museora, 8,9 miloi eurora helduz.
Bilboko Arte Eder Museoari dagokionean, handitzeari eta artelanak erosteari lotutako inbersio plana gauzatzeko lehen urratsak emongo dira.
Tabakalerak jasoko dauen ekarpena be handituko da.
Azkenik, Getariako Balenciaga Museoari egindako ekarpena 495.00 eurotik 515.000 eurora igoko da.
Kultura ondarea
Kultura-ondarearen arloan, 2020a Euskadiko Liburutegi Digitala abian jarteko urtea izango da. Euskal kulturearen erreferentziazko ataria izango da, eta historian zehar euskal egileen lanak eta euskerazko edo euskal gaiei buruzko lanak batuko ditu.
Hizkuntza Politikea
Zupiria sailburuak berretsi egin dau Eusko Jaurlaritzeak Euskerearen Agenda Estrategikoa 2017-2020 beteteko konpromisoa, euskerearen ezagutza eta erabilera soziala bultzatzea. Euskararen ezagutza bultzatzearen ikuspegitik, sailburuak gogorarazo dau Legegintzaldiaren hasieran Sailak konpromisoa hartu ebala 2020rako euskerearen irakaskuntzan B2 mailara arte dobakotasuna lortzeko, eta adierazo dau helburu hori datorren urtean gauzatuko dala. Xede hori lortzeko eta euskaltegietako irakasleen baldintzak hobetzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak HABEri egingo deutson ekarpena handituko dau, 39,1 miloera helduz.
Euskerearen erabilera soziala bultzatzeko, datorren urtean protagonismo berezia izango dau Euskaraldiaren bigarren edizinoak, hiztunen aktibazinoa bilatzeaz gan, erakundeak euskerearen erabilerea bultzatzen sartu daitezan saiatuko dana. Era berean, gazteak aktibazino estrategietara erakarteko, 45.000 euro bideratuko dira Euskarabenturara, UEMAgaz lan egingo da euskaldunen densidade handiko udalerrietan euskerea indartzeko eta, aldi berean, Galtzagorri Alkartearen bidez euskerazko irakurketea sustatzeko proiektua indartuko da (45.000 eurotik 60.000 eurora).
Arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko apustua da aurrekontu proiektuan modu argian islatzen dan beste apustuetako bat.
Bestalde, ingurune digitalean euskerea bultzatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzeak 200.000 euro inbertiduko ditu 2020an euskerazko Wikipedia bultzatzeko, eta, IXA alkartearen laguntzinoagaz, beste 100.000 euro bideratuko dira Euskera eta Teknologia Plana egiteko.
Azkenik, 400.000 euro baino gehiago inbertiduko dira hizkuntza-ikerketea bultzatzeko, Euskal Herriko Unibersidadeagaz (UPV/EHU), Deustuko Unibersidadeagaz eta Mondragon Unibersidadearekin batera egindako proiektuen bidez, bai eta beste erakunde batzuekaz batera egindako ekimenen bidez, berbarako Soziolinguistika Klusterragaz.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Institutuak 3.060.000 euroko aurrekontua izango dau, aurtengo ekitaldiaren antzekoa. Aurten, Scotland Goes Basque programeak Euskadiko sortzaileen lana eta kultura Eskoziara eroan badau, 2020an eta 2021ean Quebec-Euskadi programeak Atlantikoaren beste aldera eroango dau euskal kultura. Etxeparek munduan zehar bultzatzen dituan gainerako proiektuak ahaztu barik, Quebec izango da euskal kulturearen nazinoartekotzerako lurralde nagusia.
Gainera, Zabal proiektua bultzatuko da, nazinoarteko arte-biurtekoen komisarioak Euskadira hurreratzeko helburuagaz.
Azkenik, Etxeparek bere 36. irakurletzea abian jarriko dau, Tbilisiko Unibersidadean (Georgia), eta katedra bat martxan jarriko Montrealgo McGill Unibersidadean (bere 10. katedra).
Jarduera fisikoa eta kirola
Mugiment proiektuaren aldeko apustua nabarmendu behar da, aurten 450.000 euroko aurrekontua izango dauelako (90.000 euro gehiago). Helburua da kirol-zentroak osasun-zentroetara bideratzeko sareak indartzea, Mugiment Txartela udalerri gehiagotara zabaltzea, eta, hirugarrenik, udalerrientzako diru-laguntzinoak finkatzea.
Horrez gain, 175.000 euro bideratuko dira Getxon egingo den 2020ko Munduko Sokatira Txapelketea antolatzeko. Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak, barriz, 250.000 euroko (50.000 euro gehiago) aurrekontua izango dau, eta Basque Teamek 1,36 miloeko (2019ko kopuru bera) aurrekontua izango du datorren urtean. Euskal kirol federazinoek, bestalde, 2.475.000 euroko aurrekontua izango dabe.
Azkenik, euskal kirol markoa sustatzeko apustuaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzeak 65.000 euro emongo deutsoz Jai Alai World Tourrari, eta beste 60.000 euro Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligeari, Euskadi-Nafarroa-Akitania Barria Euroeskualdearen esparruan egindako txapelketea, aurten estreinautakoa.
Azkenik, sailburuak azaldu duenez, EiTBri egindako ekarpena % 5,5 handituko da, 143.240.000 eurora helduz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!