WAS taldeak amaitutzat emon dau bere bidea

Bizkaie! 2019-11-13 12:02   Musikea

Agurreko kontzerturik ez da egongo, baina bai disko barria.

Sare sozialetan zabaldutako ohar baten, WAS (We Are Standard) talde bizkaitarrak agur esango dauela iragarri dau. Orain dala 17 urte hasitako bidea amaituko da, beraz. Etenaren zergaitia ez dabe emon, baina agurrerako ze asmo daukien azaldu dabe. Batetik, ez dabe agurreko kontzerturik edo birarik antolatuko, hortaz, WASen kontzertu gehiagorik ez da egongo. Bestetik, diskoa plazaratuko dabe.

Loudness izeneko disko horretan, euren ibilbideko kantu esanguratsuak batuko ditu WASek. Horrezaz gan, kantu barri bat egongo da, All My Friends ezagunaren gaztelaniazko bersinoa, Todos mis amigos. Esangura berezia dauka abesti horrek WASeko kideentzat, eta horregatik erabagi dabe diskoan sartzea. Danetara, 16 kantu dagoz diskoan.

Zemendiaren 22an ipiniko dabe Loudness diskoa salgai, datorren asteko barikuan. Berau erosteko erreserbea aurretik egin gura dauenak hemen dauka loturea.

2002an Standard izenagaz sortu zanetik, 17 urteko bide oparoa egin dau Bizkaiko taldeak. We Are Standard izena hartu eben 2007an, eta geroago WAS laburdurea erabilten hasi ziran. Estudioko zazpi disko plazaratu ditue We Are Standard eta WAS izenagaz, eta makina bat lekutan jo dabe: Japonian, Estadu Batuetan, Kanadan, Suedian...

Sariak be irabazi ditue, esaterako, MTV Award. Gaztearen 20. urteurrenerako egindako Aitormena-ren bersinoak zeresana emon eban, eta Oreka TX-gaz egindako kolaborazinoak be bai.

Urteotan guztiotan taldearen kide edo laguntzaile izan diranei eskerrak emon deutsiez sare sozialetako mezuaren bidez. Esperientzia hau zuokaz guztiokaz konpartidutea pribilegioa izan dala idatzi dabe, eta 17 urte zoragarri izan dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu