Arantxa Urretabizkaiari emongo deutsie 2019ko Anton Abbadia Saria

Bizkaie! 2019-11-13 09:12   Euskerea berbagai

Euskerearen alde egin dauen lana autortu nahi deutso Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Arantxa Urretabizkaia (argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gobernu Kontseiluaren batzarraren ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeroale Eider Mendozak iragarri dau Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarrari emongo deutsiela 2019ko Anton Abbadia Saria, epaimahaiak aho batez holan erabagita. Ohiturea dan legez, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bezperan, abenduaren 2an, jasoko dau autortzea Urretabizkaiak, Donostiako Foru Jauregian.

Euskal literaturan Urretabizkaiak egin dauen lana gogoratu dau sarietako epaimahaiak, eta, horren barruan, euskerearen aldeko ahalegina. Eider Mendozak adierazo dauenez, Urretabizkaiak bizitza osoa daroa euskerearen alde lanean, baita egoerarik gatxenetan be, eta euskera batuaren erabilerearen normalizazinoa lortuta, gure hizkuntzea aro modernora ekarri eban belaunaldiaren ordezkaria da. Euskal literaturan emakumearen ganeko imajinarioa aldatzen aitzindaria izan zala ganeratu dau Aldundiko bozeroaleak.

Ibilbide oparoa egin dau Urretabizkaiak literaturan. Berak idatzitako obren artetik aitatu leitekez Zergatik panpox (1979), Koaderno Gorria (1998), 3 Mariak (2010) eta Bidean ikasia (2016). Beste hizkuntza batzuetara be itzuli izan dira Urretabizkaiaren obra asko. Nobelea ez eze, olerkiak, gidoiak eta abar idazten ditu, eta itzulpengintzan zein kazetaritzan be ibilia da.

Anton Abbadia Sariak 1996tik emoten ditue, euskerearen normalizazinoaren alde egin daben persona eta alkarteen lana autortzeko. Anton Abbadia gogoratuz, sariak euskaltzaleen topaleku izatea nahi da: sari hau emoteagaz batera, euskerearen inguruan lan egiten daben persona guztien arteko hartu-emonak indartu eta barritu nahi doguz, azaldu dau Mendozak.

Gipuzkoako artista batek egindako oroigarria emoten deutsie irabazleari; beraz, urtero diseinu desbardina izaten da. Aurten, Arantxa Urretabizkaiarentzako oroigarria Udane Juaristi azkoitiarrak egingo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu