Maisha MC, gaur Bilboko Biran eta bihar kaleratuko dau barakaldoarrak disko barria
2019-11-13 08:33 MusikeaDisko kontzeptuala da Vmme Sahar, proto-euskeraz topautako berba zaharrenak (ume zahar, edo seme nagusia).
Maisha MC (Barakaldo, Bizkaia, 1986) Euskal Herriko artista multidisziplinarra da: musika produktorea, DJ-a, euskal rap abeslaria eta zinemagilea. Euskadi Irratiko eta ETB1-eko kolaboratzailea be bada.
Maisha MC Barakaldoko familia xume batean jaio zan. Sei urte zitualarik, bere ikastetxe publikoko irakasleak Maisha MC-ren amagaz kontaktau eban, semeak musikarako trebezia berezia ebala esateko. Ordutik musika klaseak hartzen hasi zan. Hamabi urtegaz, lehenengo rap kantuak grabau zituan lagun batzuekaz, kalean, familiaren cassette grabatzaile zahar bategaz.
Hemeretzi urtegaz, Maisha MC-k ska musika talde bat sortu eban, Skalea, Barakaldoko konserbatorioko musikariakaz batera; talde horregaz hainbat kontzertu emon zituan. Baina laster bueltau zan hip hop kantuak idaztera. 2006. urtean, 121 krew-ko Endika Lahaine ezagutu, handik gitxira abesti bat grabau eben batera, eta kontzertuak emoten hasi ziran, Aritz Sound System, Selektah Kolektibo taldearen sortzailearen gidaritzapean. Bertso hop kontzertuak emoten zituen garai haretan, euskerazko hip hopa eta bertsolaritzea buztartuz. 2007. urtean lehenengo hip hop musika lanak egin zituan.
2015. urtetik, Maisha MC Erresuma Batuko Cambridge urira joan zen biziten. 2016. urtean, 121 krew rap taldeak amaierea emon eutson hamasei urteko ibilbideari, Mahatsen Denbora / Azken Afaria disko bikotxa kaleratuz. Diskoaren 150 ale baino ez zituen kaleratu, eta horreetako bakotxagaz taldearen azken kontzerturako sarrera bat jasoten eban erosleak. Urriaren 15ean izan zan kontzertu hori, Bilboko 7 Katu gaztetxean.
Euskal Herriko hip hop, elektro eta dubsteparen erreferentzia bihurtu zan sasoi horretan. Euskeraz rapeau eta inprobisau eban bakarrenetakoaizan zan MC, eta Euskal Herrian dubstep produziduten lehenengoetakoa.
2018. urtetik, Maisha MC Kalifornian bizi da, San Frantzisko urian.
Maisha MC-k (Patrol Destroyers, 121 krew), Euskal Herriko musika tradizionala barritu eta hip hop jantza pista millennial-era ekarri dau. Maisha MC-ren lehenengo bakarkako diskoa da hau, eta duda barik, euskerazko hip hop-aren kalidade handienekoa gaur arte.
Disko kontzeptuala da Vmme Sahar, proto-euskeraz topautako berba zaharrenak dira (ume zahar, edo seme nagusia). Nafarroako ilobi batean topautako berba bi horreetan hasi zan diskoaren kontzeptua jorratzen. Maish aMC-k, hanka bat dau kultura barrienetan –hip hop, street art, etabar–, eta ume baten energia dakar, explosiboa da (Vmme). Aldi berean, beste hanka bat dau bere kulturearen aldeko jarreran –euskerea, euskal instrumentuak, eta abar– (Sahar). Maisha MC, eta bere musika, Vmme Sahar da. Benetako hibridoa, disko futurista da berez.
Diskoa, zemendiaren 14an kaleratuko dau sortzaileak Taupaka Alkarteagaz baina eguaztenean, zemendiaren 13an, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Bira Kulturgunean aurkezpena egingo dau. Galder Perez kazetariak gidatuko dau alkarrizketea eta Ausokobeatz arduratuko da disko-entzunaldia gidatzeaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!