Eneko Atxak Basque Teamentzat diseinautako menu olinpikoak aurkeztu ditu

Bizkaie! 2019-11-13 08:15   Jan edanak

Tokio 2020ko Jokoetarako menuak gaur kozinau ditue kirolariek Larrabetzuko Eneko jatetxean.

Eneko Atxa bost Michelin izar dituan chefak bere ekarpena egin nahi izan dau Basque Team Fundazinoaren aurtengo hitzordu garrantzitsuenerako, Tokion jokatuko diran Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetako prestakuntzetan. Horretarako, Basque Team-eko kirolarientzat menu bi diseinau ditu.

Xabier Leibar Fundazinoko arduradun biomedikoaren nutrizino-gomendioei jarraituz, sukaldariburuak menu bi sortu ditu goi-mailako lehiaketei aurre egiteko atletek behar dituen elikadura-ekarpen guztiakaz. Beti lehengaien kalidadea, sasoiko produktuak eta jarduera-gastronomikoaren iraunkortasuna lehenetsiz, lehenengo menuan tartare begetala, azpizuna sagarragaz, azaloreagaz, perretxikoakaz eta Idiazabal gaztaiagaz egindako gnokiakaz, eta arroz-esnea kozinau ditue; bigarren menuan, barriz, arrain marinatua eta ozpin-orioa, baserriko arrautza gorringoa gari-estofaduaren gainean eta karamelizautako torradea.

Goi-mailako lehiaketetarako prestakuntzen barruan, elikadura da kirolariek jagon behar dabena da nutrizinoa, laguntza ergogenikotzat har daiteke lan fisikoa egiteko gaitasuna handitzeko eta errendimendua hobetzeko. Sarritan, ostera, nutrizino eskakizunek monotonia dakarre eta horregaitik diseinau ditu Eneko Atxak menu horreek, beharrezko ezaugarri guztiak batzen dituelako.

Zornotzako sukaldariak bere sorkuntzak aurkeztu ditu gaur Larrabetzuko Eneko jatetxean, Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Joan Crespo piraguistek, Elena Loyo, Arantza Moreno eta Carlos Tobalina atletek, Ian Ponciano skaterrak, Asier Garcia saskibaloi jokalariak, Aitor Francesena surflariak, Jon Carazo arraunlariak, Mikel Linacisoro eskalatzaileak, Rakel Mateo paratriatleteak, Barbara Pla eta Igor Genua errugbi jokalariek, Juan del Campo eskiatzaileak, Irantzu Garcia curling jokalariak eta Basque Team-eko ordezkari diran Maider Undak, Naiara Gomezek, Patxi Peulak eta Richard Oribek lagunduta.

Orain dala gitxi Gastronomia Osasungarriaren Sari Nazionala jaso dauen Eneko kirolzale sutsua da, elikadurearen mundua osasunagaz estu lotuta dagoala autortzen dau eta tresna garrantzitsua dala dino: Gure ezagutza gizarte-ongizatearen alde erabili behar dogu personen beharretara egokituz. Gizarte-konpromisoari eta iraunkortasunari lotuta beti, Enekok proiektu honen ordainsariak Basque Know How Fundazinoari emotea erabagi dau. Fundazino horrek garapen iraunkorragaz konprometidutako lan-eredua zabaltzen eta sustatzen dau, euskal kultura-ondarea eta haren adierazpenak babestuz.

Hiru Michelin izar dituan Azurmendi jatetxeaz gan, sukaldariak Eneko jatetxea dau Larrabetzun, beste bat Bilbon, beste bat Londresen, beste Eneko bat eta Basque jatetxea Lisboan eta Eneko jatetxea Tokion, 2017an edegita. Hain zuzen be, Basque Team-eko kirolari asko Japoniako uriburuan izango dira, han jokatuko dituelako Olinpiar Jokoak 2020ko garagarrilaren 24tik abuztuaren 9ra eta Paralinpiar Jokoak abuztuaren 25etik irailaren 6ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu