Víctor Ericeren 'Harria eta zerua' instalazinoa ipini dabe Arte Eder Museoan
2019-11-13 08:09 KultureaOteizak eta Vallet de Montanok egindako monumentuaren inguruko ikus-entzunezkoa da.
Bilboko Arte Eder Museoaren 32. aretoan ikus-entzunezko instalazino barri bat ipini dabe, Víctor Erice artista eta zinemagileak egindakoa. Harria eta zerua pieza zabal-zabala da, zortzi metrokoa, eta proiekzino bi ditu: Eguna espazioa eta Gaua espazioa. Aita Donostia konpositorearen azken lanetako batek, Andante doloroso pianorako piezeak, girotzen dau instalazinoa, Josu Okiñena pianisteak interpretautako bersinoak hain zuzen.
Musika hori aukeratu izana ez da kasualidadea. Izan be, Ericeren Harria eta zerua Aita Donostiaren omenez Nafarroako Agiña mendian egindako monumentuaren inguruko ikus-entzunezkoa da. Soinua, argia eta denporea oinarrizko elementu dirala, monumentuaren zinematizazinoa egin dau, bideokamarea obrearen aurrean jarrita.
Jorge Oteiza eskultoreak eta Luis Vallet de Montano arkitektuak sortu eben Agiña mendiko monumentua, 1959an. Oteizak hilarria egin eban, eta Vallet de Montanok, alboko kaperea. José Gonzalo Zulaika, Aita Donostia, omentzeko asmoz egindako sorkuntzea da.
Víctor Erice 1940an jaio zan, Bizkaiko Karrantza Haranean, baina umezaroa eta gaztaroa Donostian pasau zituan, Madrilera zinemagintzako ikasketak egiten joan baino lehen. 1968an egin eban debuta, eta lehenengo film luzea 1973an aurkeztu eban, El espíritu de la colmena, Donostiako Zinemaldian saritua eta Espainiako zinemearen maisulanetako bat. Harrezkero, kritikeak txalotutako filmak egin ditu, sarritan beste sortzaile ezagun batzukaz alkarlanean.
Arte plastikoakaz lotutako bideo-instalazino batzuk be egin ditu Ericek, esate baterako, Fragor del mundo, silencio de la pintura eta orain aurkeztu dauen Harria eta zerua. Bestetik, zinemagintzearen azterketan eta gogoetan lan handia egin dau, ikastaro, mintegi eta artikuluen bidez.
Instalazinoaren inaugurazinoa dala eta, Víctor Ericek berak berbaldia emongo dau Arte Eder Museoan, hilaren 13an. Harria eta zerua-ren sorkuntza prozesua azalduko dau. Bestetik, zinema zikloa hasiko da museoan bertan, zemendiaren 22an, zezeilaren 9ra arte. Naturan egindako esku-artze artistikoak eta zinemagile batzuek ingurune naturalaz daben ikuspegia jorratuko ditu zikloak, abangoardiako filmen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!