La Basuren diskorik iraultzaileena da 'Gerra'
2019-11-12 08:05 MusikeaRap musikea beste estilo batzukaz nahastau dau abeslari bilbotarrak.
Rap eta hip-hoparen munduan lekua egin dau Elena Caballero, La Basu bilbotarrak. Aurretik be lan ugari plazaratu dituan arren, egunotan aurkeztu dau bere ustez diskorik iraultzaileena dana, Gerra. Urteetako eskarmentuak emoten dauen askatasunetik idatzi eta kantautako abestiak dirala dino La Basuk, emakume aske baten sorkuntzea.
Diskoak hamar kantu dakarz, eta azken urteetan ohikoa dauenez, euskerea eta gaztelania, biak erabili ditu La Basuk. Zehatzago, sei kantu dira euskerazkoak, erdiak baino gehiago; beste laurak, gaztelaniazkoak. La Basuren musikearen ardatza dan rapa, oraingo honetan, beste estilo askotako doinuakaz buztartu dau.
Berba errebelde eta burrukalariak topauko ditu entzuleak Gerra-n. La Basuk berak idatzi ditu kantu guztiak, bere burruka, bildur eta fobia guztiak erakusteko, baina baita bere indarra eta poztasuna be. Grabazinoan, Alas Glow abeslariak Bakardadea kantuan parte hartu dau; DJ Ibaik, ostera, amaierako scratch saioan. Azken hau produktoreetako bat be izan da, Zumarro Prod eta Thesamebeats-egaz batera. Grabazinoa eta masterizazinoa Unai Mimenzarenak dira.
Zapatuan aurkeztu eban zuzenean Gerra diskoa La Basuk, Bilborocken, oholtzan ohiko taldekideak (DJ Ibai, Alazne Gutierrez eta Iñigo Elexpuru) zein konbidadu bereziak alboan zituala. Diskoa egun horretan bertan ipini eban salgai, eta, ganera, euskarri digitalean be badago. Durangoko Azokan, binilo formatuan be eskuratu ahal izango da Gerra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!