Bernardo Atxagak Espainiako Letren Saria irabazi dau

Bizkaie! 2019-11-11 13:55   Kulturea

Euskerazko zein gaztelaniazko literaturea modernotu dauela dino epaiak.

Bernardo Atxaga (Basso Cannarsa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bere azken nobelea izango ei dana, Etxeak eta hilobiak, aurkeztu eta aste gitxira, barri ona jaso dau Bernardo Atxaga idazleak: Espainiako Kultura Ministerioak Letren Sari Nazionala emon deutso, literaturan egin dauen ibilbide oparoagaitik eta hizkuntzea modernotuteko egindako ahaleginagaitik.

Euskeraz ez eze, gaztelaniaz egindako ekarpena be autortu deutso Ministerioak Atxagari. Euskerearen eta gaztelaniaren modernizazinoari eta nazinoarteko proiekzinoari laguntzea da idazlearen meritua, sariaren epaiak dinoanez. Ganera, Ministerioak azpimarratu dau poesiatik hurreko narratibea darabilela Atxagak, eta maisua dala errealidadearen eta fantasiaren mugan dabizan istorioak sortzen.

Gaur bertan emongo deutsie saria Asteasuko idazleari. 1984an sortu ebenetik, Espainiako literatura garaikideko egileen obrea eta ibilbidea autortzea da Letren Sari Nazionalaren helburua, eta irabazleari 40.000 euro emoten deutsiez.

Bernardo Atxagak orain dala 47 urte plazaratu eban lehenengo liburua, eta gaur egungo euskal literaturako idazle handienetako bat da. Berak idatzitako liburuak 30 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira. Etiopia, Obabakoak, Behi euskaldun baten memoriak, Gizona bere bakardadean, Soinujolearen semea... liburu ospetsu ugari plazaratu ditu. Euskaltzain osoa be bada.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu