Pertsonaiak eta denporak alkarregaz lotu ditu Bernardo Atxagak

Bizkaie! 2019-10-17 11:43   Kulturea

Etxeak eta hilobiak (Pamiela) bere azkenengo nobelea izango dala dino Asteasuko idazleak.

Bernardo Atxaga, erdian, Donostiako aurkezpenean (argazkia: Pamiela) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aspalditik buruan eukan irudi bat da Bernardo Atxaga idazlearen nobela barriaren abiapuntua. Ia mende erdiz, gogoan izan dau Madrilen soldaduskan egoala kuartelean ikusitako mikea, baina orain arte ez dau testurik eregi irudi horren ganean. Baina mikearen gomuteak gaur egunera arteko bidaia egin dauen legez, Etxeak eta hilobiak elebarria be 1972tik honako kontakizuna da.

Sei ataletan banatu dau Atxagak nobelea. 1970eko hamarkadan kokatuta dago lehenengoa, gaur egunean azkena, eta tarteko fetxak daukiez ganerakoek (batek ez dakar urterik). Hori dala eta, sasoian sasoiko historiak, gizartearen ardurek eta jazoerek narrazinoan eragiten dabe, baina zutabe nagusia pertsonaiak dira.

Donostian egindako aurkezpenean Bernardo Atxagak azaldu dauenez, Elias da burura etorri jakon lehenengo pertsonaia. Pauera frantsesa ikasten joan eta mutu bueltau dan mutila da. Haren ondoren sortu zituan anaia biki bi, psikiatrearenera doan injinerua, ospitaleko neskatoa, aldizkari baten idazten dauen gaztea... Danak dira pertsonaia nagusiak, eta, era berean, bigarren mailakoak, atalaren arabera. Euren istorioak tartekatzen dira, urteak joan urteak etorri.

Ibai berera doazan erreken moduan ikusten ditu Atxagak liburuaren atalak. Kontakizuna mobimendua dala dino, eta mobimendu horren bidez beste mobimendu batzuk eragiteko helburua dau. Bizitzako ahalik eta mobimendu gehien atrapetan ahalegindu da.

Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu dau Atxagak Etxeak eta hilobiak. Donostian egindako aurkezpenean, idazlearen alboan izan da Pamielako Pello Eltzaburu, baita Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari ohi Frantxis López-Landatxe be. Ganera, Atxagak nabarmendu dau Asun Garikanogaz egindako edizino-lan arretatsua, prosa egokiaren bila.

Azkenengo nobelea honako hau dauela adierazo dau Bernardo Atxagak. Idazteari ez deutsala itxiko argi eta garbi esan dau, baina nobela bat idazteak dakarzan ardurak eta arau estuak alboratu nahi ditu. Beste formatu batzuk, askotan bazterrekoak, jorratuko dituala iragarri dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu