Gladys del Estal estaduaren biktimea dala aldarrikatu dau Bertha Gaztelumendik
2019-11-11 13:06 ZinemeaEz, eskerrik asko (Gladysen leihoa) dokumentala nuklearren kontrako mobimenduaren erretratua da.
1979ko bagilaren 3an, mobimendu nuklearrak antolatutako protestaldi baten, Guardia Zibilak Gladys del Estal gazte ekologistea hil eban tiroz. Lekukoen arabera, manifestazino paketsu eta baimendua zan. Lau hamarkada geroago, Bertha Gaztelumendi zinemagileak dokumental baten batu eta kontestuan jarri ditu orduko jazoerak, Sabino Ormazabalen gidoian oinarrituta. Zinebi jaialdiaren 61. edizinoan estreinauko dabe, bihar, hilak 12.
Gladys del Estal nor izan zan eta zer pasau jakon gogoratzea da Ez, eskerrik asko (Gladysen leihoa) dokumentalaren helburuetako bat, baina ez bakarra. Izan be, Bertha Gaztelumendik azpimarratu dauenez, Gladys estaduaren eta indar polizialen biktima izan zala aldarrikatzeko asmoz be egin dau filma. Memoriaren aldeko ariketea be bada, beraz.
Horrezaz gan, sasoi haretako giro soziala be erakusten dau 60 minutuko dokumentalak. Lemoizeko zentral nuklearra eregiten hasiak ziran, eta Bizkaiko kostaldean eta Nafarroako Erriberan beste zentral batzuk egiteko planak egozan. Horren aurrean, gizartean ingurumenaren aldeko mobimendu indartsua sortu zan, askotarikoa eta ertz askoduna, Sabino Ormazabal gidoilariaren esanetan.
Mobimenduen mobimendua izan zan, azaldu dau Gaztelumendik, kolore asko batu ziran zentral nuklearrei ezetz esateko. Filmean, hain zuzen, ikuspuntu guztiak agertu nahi izan ditu, aniztasunaren izenean. 33 lagunen lekukotzak dagoz, gehienak mobimendu antinuklearrean parte hartu ebenenak. Sabino Ormazabalek ganeratu dauenez, testigantza horreei esker barrutik kontau dabe historia.
Euskal Herrikoa ez zan berez sortutako mobimendu soziala izan, nazinoarteko jokera baten parte baino. Gladys del Estalen kasu zehatzetik abiatuta, Euskal Herrian, Europan eta munduan kokatu dau Gaztelumendik gizartean biztutako erreakzinoa. Azken hamarkadotan, 1.500 persona inguru hil ditue munduan ingurumenaren aldeko burrukan sartuta egoteagaitik. Horreetako bat da Berta Cáceres; Gaztelumendik gomuta berezia izan dau harentzat Ez, eskerrik asko (Gladysen leihoa) filmean.
Franco diktadorea hil osteko urteetako giro soziala eta gaur egungoa desbardinak dirala agirikoa da, baina Gaztelumendi baikor dago, gaur egungo gazteak be mobiduten dirala ikusten dauelako. Sabino Ormazabalek uste dau pelikulea aproposa dala belaunaldi barriei Euskal Herriko mobimendu antinuklearraren barri emoteko, batzuek ez dakielako gauza askorik ordukoaz. Transmisinoa da gure helburuetako bat, belaunaldi barriek ulertu deien zer pasau zan, esan dau.
Ez, eskerrik asko (Gladysen leihoa) bihar, martitzena estreinauko dabe, 61. Zinebin, lehiaketatik kanpoko Bertoko Begiradak sailean. Proiekzinoa Bilboko BBK Salan izango da, 20:00etan. Nazinoarteko zirkuituetara be heltzeko asmoz, dokumentala lau hizkuntzatan egin dabe: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Baina Zinebin euskerazko bersinoa emongo dabe.
Datu gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!