Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi, José Luis Guerin eta Alberto Rodríguez Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira
2025-07-15 09:50 Zinemea73. Donostia Zinemaldian.
Un fantasma en la batalla filmak eta Anatomía de un instante serieak lehiaz kanpo parte hartuko dabe Sail Ofizialean.
Karmele eta Flores para Antonio film luzeak eta Zeru ahoak eta La suerte serieak Emonaldi Berezien parte izango dira eta Irati Gorostidi Agirretxe eta José Alayónen lehen lanek New Directors sailean parte hartuko dabe.
Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak iragarri ditu Madrilen, produkzino espainiarrekoak izanik irailaren 19tik 27ra Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoko Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Made in Spain eta Belodromoa sailetan emongo diran 22 lanak (17 film luze, 2 film ertain eta 3 serie).
Aurten, Sail Ofizialean, euren ibilbidea Donostian hasi eben zenbait zinemagile batuko dira, besteak beste, Alberto Rodríguez, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi; izan be, Zinemaldiak hainbat filmetan lagundu deutse zinemagileoi, Espainiako zinemeari eskainitako babes sendoarenn parte lez. José Luis Guerin –Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi ebana En construcción lanagaz– be bueltauko da.
Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) eta Aitor Arregi (Oñati, 1977) zinemagileek berriro izango dabe Urrezko Maskorra irabazteko aukerea Maspalomas filmagaz. Jose Ramon Soroiz aktoreak Vicenteren rola egiten dau filmean, 77 urtegaz Maspalomasen gustuko dauen bizimodua daroan gizon batena, hain zuzen. Moriarti kolektiboaren –Jon Garañoren presentzia be badauen zinemagile taldearen– beste obra batzuk Lucio (Zabaltegi, 2007) eta 80 egunean (Zinemira, 2010) dira. Sail Ofizialean Loreak (2014), Handia (2017) –Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria– eta La trinchera infinita (2019) –Zuzendari Onenaren Zidarrezko Maskorra, Gidoi Onenaren saria, Irizar saria eta FIPRESCI saria– estreinau ditue. Azkenik, Marco (2024) filmak Perlark sailari amaierea emon eutson, Veneziako Orizzonti sailean estreinau eta gero.
En construcción (2001) filmari esker Donostian Epaimahaiaren Sari Berezia eta FIPRESCI saria irabazi eta ia 25 urtera, José Luis Guerin (Bartzelona, 1960) lehia ofizialera bueltauko da aurten, ez-fikzinoko beste obra bategaz: Historias del buen valle, Vallbonan –migratzaile ugari dituan Bartzelonako auzoan– filmautakoa. Guerinek Berlingo zinema-jaialdian estreinau eban bere lehen film luzea, Los motivos de Berta (1984) –geroago Zinemaldiko Espainiako Zinearen Ikuspegia sailean programautaka-, eta ondoren Innisfree (Zabaltegi, 1990) eta Tren de sombras (1997) –biak Cannesen aurkeztuak– zuzendu zituan. Era berean, En la ciudad de Sylvia (2007) obreagaz Venezian lehiatu eta Guestegaz (Zabaltegi-Bereziak, 2010) be parte hartu eban jaialdi berean (zehazki, Orizzonti sailean).
Alberto Rodríguezek (Sevilla, 1971) Rafael Cobosekin batera idatzitako Los Tigres aurkeztuko dau; Antonio de la Torrek eta Bárbara Lenniek petrolio-sektorerako urpekari profesional lez lanean dabizen anai-arreba biren rola egiten dabe. Anai-arreben bizitza aldatu egingo da Antoniok istripu bat izan eta urpekaritzan gehiago ezin izango dauela esaten deutsenean. Rodríguezek El factor Pilgrim (Santi Amodeogaz batera zuzendua, 2000) eta El traje (2002) erakutsi zituan New Directors sailean eta zazpigarrenez hartuko dau parte oraingoan Sail Ofizialean; izan be, 7 vírgenes (2005) –Juan José Ballestari Gizonezko Aktore Onenaren Zidarrezko Maskorra emon eutsona– eta La isla mínima (2014) –sari bera emon eutsona Javier Gutiérrezi, argazki onenaren sariaz eta 10 Goya sariez gainera– aurkeztu zituan. Eduard Fernándezek beste Zidarrezko Maskor bat irabazi eban El hombre de las mil caras (2016) filmari esker eta horren ostean, Rodríguezek lehiaz kanpo inaugurau eban Zinemaldia Modelo 77 (2022) pelikuleagaz. Zinemagilea izan zan, bestalde, Sail Ofizialean serie bat estreinau eban lehena La peste (2017), eta Apagón (2022) serieko zuzendarietako bat be izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!