Donostia Zinemaldiak 'Puxika Gorria' ludoteka-zerbitzua eskainiko dau
2025-07-22 09:36 ZinemeaZerbitzua San Telmo Museoan instalauko da.

Donostia Zinemaldiak, San Telmo Museoak, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Alkarteak, ICAAk (Zinemagintzearen eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak) eta Red Balloon Alliance alkarteak barriz be bultzauko dabe Puxika Gorria, Zinemaldian martxan egongo dan sormen-jardueren ludoteka-zerbitzua, Kids and Party Multiespacios de Ocio Educativo taldeagaz alkarlanean.
San Telmo Museoan egingo dira jarduerak, 120 metro karratuko gune batean eta terraza estalia izango dauen barruko espazio bat egokituko da bertan. Zerbitzua, Zinemaldian familia-kontziliazinoa errazteko helburua dauena, persona akreditazinodunen eta Zinemaldiaren antolakuntzako langileen seme-alabei zuzenduta egongo da.
Red Balloon Alliance ekimenaren parte, Puxika Gorria Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdien konziliazinorako guneekaz (Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten, hurranez hurran) bateratutako jarduera da. Igaz Punto de Vista (Nafarroa) eta Seminci (Valladolid) zinema-jaialdiak batu ziran, eta 2025ean, barriz, Annecy (Frantzia).
Hainbat enpresa eta erakunderen babesa dau Puxika Gorriak, esaterako, ondoko honeenak: Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, Buena Pinta Media, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Alkartea, ICAA Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua, Danish Film Institute, SGAE Fundazinoa, German Films, Morena Films eta San Telmo Museoa. Ganera, DonostiKidSS, Itsas Museoa eta Kids and Party Multiespacios de Ocio Educativo taldearen laguntzea dau.
Inskripzinoa
Ludotekak irailaren 20tik 25era 10:00etatik 18:00etara edegiko ditu ateak eta 26an (barikua), barriz, 10.00etatik 13:00etara. Inskribautako ume bakotxak gehienez be segidako sei ordu igaro ahalko ditu bertan. Zorionak Kids & Party enpresako zaintzaileek euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez emoten dabe arretea. Lekuak mugatuak dira eta lehentasuna izango dabe Zinemaldiko akreditazinodunek.
Zinemaldiaren zortzi egunetarako tarifa 65 eurokoa da; 40 euro hiru egunetarako; eta 20 euro egun baterako. Lekua eskatzeko, formulario hau bete beharko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!