VII. 'Zinebi Networking 2025' fororako deialdia edegi dabe
2025-06-25 12:52 ZinemeaEkimenak 30.000 euro bideratuko ditu.

Bilboko Udalak atontzen dauen Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak edegi dau zemendiaren 24tik 27ra egingo dan Zinebi Networking 2025, Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren zortzigarren edizinorako deialdia.
Ekimena Estaduan sortzen dabizen zinema dokumentalari laguntzeko plataforma nagusietako bat da eta sorkuntza independentea sustatzeko, ikus-entzunezko produkzinoak bultzatzeko eta sektoreko profesionalen eta zinema-industriako erakundeen arteko hartu-emonak dinamizetako bideratuta dago. Zinebik sustatutako proiektu askok ibilbide bikaina izan dabe foro eta jaialdi ospetsuetan, esaterako Donostian, Valladoliden, Rotterdamen edo Cannesen: Itoiz udako sesioak (Larraitz Zuazo, Ainhoa Andraka & Zuri Goikoetxea, 2024), Erreplika (Pello Gutiérrez, 2024), Caja de resistencia (Alejandro Alvarado & Concha Barquero, 2024), Deuses de pedra (Iván Castiñeiras, 2025) edo A los libros y a las mujeres canto (Maria Elorza, 2022).
Kategoria bi eta laguntza integrala
Zinebi Networking 2025ek kategoria nagusi bi ditu: garapen-proiektuak (gehienez 7) eta amaiera-egoeran dagozen filmak (gehienez 5).
Parte-hartzen daben taldeek tutoretza personalizatuak jasoko ditue sektoreko profesionalen eskutik, one-to-one aholkularitza-saioak eta euren proiektuak industriako adituen aurrean jente-aurrean aurkezteko aukerea.
Foroak ondoko erakudeen babesa dauka: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, EITB Media, Espainiako Irrati-Telebistea, Zineuskadi eta Europa Creativa Desk Media Euskadi.
10.000 euroko sariak talentua sustatzeko
Aukeratutako proiektuek hiru sari jasoteko aukerea izango dabe, bakotxa 10.000 eurokoa:
- Zinebi Networking 2025 Euskadi Saria, euskal produkzino proiektuari (EITBk bultzatua).
- Zinebi Networking 2025 Estaduko Saria, Estaduko gainerako proiektuetarako.
- Beste sari bat, garapen-fasean dagozen proiektuetarako.
Sariak zemendiaren 28an, zapatua, banatuko dira Arriaga Antzokian.
Izena emoteko prozesua
Izena emoteko epea irailaren 10era arte egongo da edegita. Parte hartzea doban eta Zinebiren webgunean dagoan formularioaren bidez formalizetan da, networking@zinebi.eus helbidera dokumentazino gehigarria bialduz.
Egoitza fiskala Euskadin edo Estaduko gainerako herrialdeetan daben produktoreek eta zuzendariek parte hartu ahal izango dabe, garapen aurreratuan, produkzinoan edo amaieran dagozan dokumental-luzemetraien bidez (gitxienez 60 minutu).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!