'Ikusmira Berriak' programan izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2025-06-30 12:45   Zinemea

Proposamenak irailaren 1era arte aurkeztu ahal izango dira.

Bihar, garagarrilak 1, hasiko da ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak egonaldi-programearen hamabigarren deialdia. Programea ondoko honeek atontzen dabe: Donostia Zinemaldia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa eta Elías Querejeta Zine Eskolea (EQZE).

Euskal Herriko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako zinemagileek ezeze, Nest sailean parte hartu dabenek eta EQZEko ikasleek be irailaren 1era arte aurkeztu ahal izango ditue euren proiektuak. Izen-emotea online egin beharko da eta urtarrilean jakingo da kategoria bakotxean zer lan hautatu diran.

Egonaldiko zortzi asteak zati bitan banatzen dira. Alde batetik, 2026ko martitik apirilera bitarteko sei asteetan, zinemagileek euren proiektuak martxan jarri ahal izango ditue Donostiako Tabakalera Zentroan. Hor, zinemagile bakotxak batzorde adituaren aholkularitzea jasoko dau, baita diziplina anitzeko ikuspegi profesionaletik emondako tutoretzak be. Proiektu bakotxaren premia espezifikoen arabera, banakako saioak eta taldekoak emongo dira; horrezaz gan, EQZEko ikasketa-programea be eskuragarri izango dabe hautatuek. Bestalde, Zinemaldia egiten dan bitartean, zuzendariak irailean aste biz itzuliko dira Donostiara, daborduko garatuago izango daben proiektua zinemearen industriako ordezkariei erakusteko.

Maiatzetik irailera bitarte, euren proiektuan lanean jarraitzen daben bitartean, zinemagile bakotxak profesional batzuen tutoretza jasoko dau online eta bagilean laguntza ekonomikoa emongo jake, egonaldien artean lanean jarraitzeko aukerea izan daitezan. 

Nazinoarteko finkapena eta argitalpen berezia

Programearen lehen edizinoa 2015ean izan zan, eta urte horretatik hasita, ikus-entzunezko 56 proiektu gauzatzen lagundu dau; horreetatik 24 nazinoarteko zinema-jaialdietan estreinau eta aurkeztu dira, 17 saridun izan dira eta gainerako proiektuak garapen-fasean dagoz edo estreinatzeke. Azken egoera horretan dagoz, esaterako, ondoko zinemagile honeen filmak: Gabriel Azorín (Tebas konkistatu nuen bart), Ana Cristina Barragán (La hiedra), Jaume Claret Muxart (Estrany riu) eta Irati Gorostidi (Anekumen).

Azken urteetan, Ikusmira Berriak programak nazinoartean finkatzea lortu dau. Joan dan maiatzean, Diego Céspedesek Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard saileko film onenaren saria irabazi eban The Mysterious Gaze of the Flamingo filmagaz. Gainera, programako zenbait proiektu aukerau ditue zinema-jaialdi askotan: Quinzaine des Cinéastas (El agua, Elena López Riera; Creatura, Elena Martín), Sundance eta Donostia Zinemaldia (All Dirt Roads Taste of Salt, Raven Jackson) eta Donostia Zinemaldia (O Corno, Jaione Camborda, Urrezko Maskorra 2023an). Igaz, Nele Wohlatzen Dormir de olhos abertos aukerau eben Berlinaleko Encounters sailean eta Fipresci saria emon eutsen. Gainera, Zabaltegi-Tabakaleraren epaimahaiak aitamen berezia emon eutson Jessica Sarah Rinlanden Collective Monologue lanari. 

2024an, Ikusmira Berriak programearen hamargarren urteurrena zala-eta, programak proposamen batzuk atondu zituan. Alde batetik, Ikusmira Berriak programearen webgunearen bidez, film-egunkariaren 14 atal hedatu ziran urtean zehar. Film-egunkari horretan, egonaldietan parte hartu eben zinemagileek euren esperientzia kontetan eben. Bestetik, programeagaz lotutako ahots, irudi eta hausnarketak batuko dituan liburu monografikoa argitaratzeko lanak asko aurreratu ziran. Liburu hori datorren irailean argitaratuko da Zinemaldiaren esparruan eta euren filmak egonaldian irudikatzen hasi ziran zinemagileen begiradearen bidez sortuko da; era berean, Ikusmira Berriak programearen historia osotzen daben izenek eta hainbat eremutako profesionalek parte hartuko dabe liburu horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu