Alauda Ruiz de Azúaren 'Los domingos' Sail Ofizialean lehiatuko da
2025-07-23 12:14 ZinemeaBlanca Soroa eta Patricia Lopez Arnaiz dira protagonista.

Los domingos, Alauda Ruiz de Azúa euskal zinemagilearen film luzea da 73. edizinoko Sail Ofizialean lehiatuko diran produkzino espainiarreko lanetako bat, ondoko honeekaz batera: Maspalomas (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi); Historias del buen valle (José Luis Guerinena); eta, Los Tigres (Alberto Rodríguez).
Alauda Ruiz de Azúak (Barakaldo, 1978) lehenengoz izango dau Urrezko Maskorra irabazteko aukerea, Los domingos, klausura-komentuko kontenplazino-bizitzak erakarriko dauen aparteko gazte idealista baten istoriogaz, hain zuzen be. Blanca Soroa hasibarria eta Patricia López Arnaiz, Los destellos (Pilar Palomero, 2024) filmagaitik Interpretazino Nagusi Onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi ebana, dira filmaren protagonistak, eta Miguel Garcés, Juan Minujín, Mabel Rivera eta Nagore Aranburu be aktore zerrendan dagoz.
Ruiz de Azúaren lehen film luzea Cinco lobitos (Zinemira, 2022) izan zan, Berlinaleko Panorama sailean estreinautakoa eta Málagako zinema-jaialdian zortzi sari irabazi zituana, besteak beste, Film Onenaren Urrezko Biznaga eta Zuzendari Barri Onenaren Goya Saria. Querer (2024) minisailaren egilea be bada, eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu eban lan horregaz, lehiaz kanpo, geroago Forqué eta Feroz Sariak eta Séries Mania Jaialdiaren nazinoarteko lehiaketako golardoa irabazteaz gainera.
Los domingos
Los domingos filmak Ainararen istorioa kontetan deusku, 17 urteko gazte idealista eta apartekoa, unibersidadeko zein karrera ikasiko dauen erabagi behar dauena. Hori espero dau haren familiak, behintzat. Halanda be, gazteak adierazoko dau Jainkoarengaindik gero eta hurrago sentiduten dala eta klausurako moja izatea planteetan dauela. Albisteak ustebakoan harrapauko dau familia osoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!