Jaurlaritzeak eta Japoniako Mie Prefektureak lankidetza memoranduma sinatu dabe

Bizkaie! 2019-11-08 08:01   Kulturea

Helburua erromes ibilbideen inguruko alkarlana sustatzea da.



Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Japoniako Mie Prefekturako Gobernuak lankidetza memoranduma sinatu dabe erromes ibilbideen inguruko alkarlana sustatu eta alkarregaz kultura-ekimenak bultzatzeko. Ekitaldia Beasaingo Igartza Jauregian egin da eta bertan Japoniako ordezkariek euren borondatea agertu dabe Euskadin Santiago Bidearen inguruan egin dan kudeaketaz ikasteko, etorkizunean Kumano Kodo bidean lan-arlo horreek martxan jarteko aukerak aztertzeko.

Memoranduma sinatzeko ekitaldian, Mie Prefekturako ordezkariakaz batera, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Beasaingo Udaleko ordezkariak izan dira, besteak beste, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea.

Memorandun honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailak igaz Japoniara egindako bisitan dau jatorria. Bidaia horretan lan-harreman sendoa sortu zan Mie Prefekturako ordezkariakaz eta egunotan Euskadin dira ekonomia eta enpresa munduagaz lotutako ekimenak bideratzen.


Kumano Kodo bidea

Mie Prefekurako ordezkariek interesa agertu dabe ezagutzeko zelan kudeatzen dauen Eusko Jaurlaritzeak Santiago Bidea, hemengo lan-arloak Mie Prefekturatik igaroten dan Kumano Kodo bidean txertatzeko. Memorandumak bide hori jorratzeko aukerea ahalbidetzen dau, Igartza Jauregian Joxean Muñoz Kulturako sailburuordeak azaldu dauen moduan: Lankidetzeak interes komuneko munduko ondareko erromes-bideei buruzko informazinoa eta trukea zabalduko ditu. Memorandumak urte biko iraupena izango dau eta iraunaldia 12 hilebeteko aldi gehigarrietan luzatuko da alderdietako batek kontrako borondatea agertzen ez badau.


Igartza Jauregia

Agintariei egindako harreran, Aldasoro alkateak balioan jarri dau holako lankidetza hitzarmen bat egiteko garaian Igartzako Monumentu Multzoa aukeratu izana. Kokaleku hau Erdi Arotik aurrera sano garrantzitsua izan da, Euskal Herriko komunikazino eta garraiobide nagusiak hemen batzen baitira; Europara iparraldetik, Nafarroatik Mediterraneora, Arabatik Peninsulara hegoaldetik igaroz, eta Bizkaiatik Peninsulearen iparraldera mendebaldetik. Donejakue edo Santiago Bidearen Euskadiko barruko adarrak be hemen dau pausalekua, horretarako Igartzako errotan kokatua dagoan erromesentzako aterpeagaz. Japoniagaz Beasainek dauen lotureari be aipamena egin deutso alkateak herriko zaindaria dan Loinazko San Martin santua Nagasaki urian martiri hil baitzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu