Zientzia Astea Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egingo da
2019-11-07 08:03 KultureaZientzia Astean dobako 200 jarduera baino gehiago izango dira.
Zientzia Astearen, UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Barrikuntzearen Astearen, hemeretzigarren edizinoa gaur, zemendiaren 6an, hasi da. Bost egunetan jarduera ludiko eta pedagogikoz beteriko egitaraua eskainiko dau, publiko guztiei zuzendua. Jarduera horreen guztien helburua da euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartea, eta zientzia entzuteko, probetako, behatzeko, usaintzeko, ukututeko eta zientziagaz gozetako konbita egitea. Zientzia Astea Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Barakaldon egingo da.
Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta Patxi Juaristi UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak inaugurau dabe jarduerea. Nekane Balluerkaren eretxiz: Bi dira Zientzia Astea antolatzeko bultzatzen gaituen helburuak, urtero nabarmentzen ditugunak: batetik, zientzia gizartera hurreratzea, ume eta nerabeei batez be, eta bigarrenik, bokazino zientifiko-teknologikoak piztea. Euskal Herriko Unibersidadea ahalegin handia egiten dago zientzia eta teknologiaren dibulgazinoaren arloan eta Zientzia Astea da kultura zientifikoa sustatzearen aldeko ahalegin horren adibide esanguratsua. Horretarako hurreratzen dogu gure jarduera urietako erdiguneetara.
Cristina Uriartek esan dauenez, UPV/EHUk bultzatzen dituan ekimenak oinarrizkoak dira zientzia gure ikasleei hurreratzeko. STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) irakaskuntzak ikusarazoten eta beste diziplina batzuekaz lotzen laguntzen dabe; zientzia, matematika, teknologiak gure bizitzaren nahitaezko zati dira, eta, horregaitik, kultura zientifikoa izateaz gan, gure gazteek erakargarriak dirala ikusi behar dabe. Eusko Jaurlaritzeak STEAM Euskadi (http://steam.eus/zer-da-steam/) estrategia bultzatzen dogu, ikasle guztiek, eta gehienbat neskek, euren kultura zientifikoa zabaldu deien, holan gai horreetan sartuz eta kasu batzuetan alor horreetan bokazinoak pizteko helburuagaz.
Dobako 200 jarduera
Zientzia Astean dobako 200 jarduera baino gehiago izango dira, besteak beste, txoko zientifikoak, tailerrak, ibilaldiak, erakusketak, bisita gidatuak, lehiaketak eta bestelakok. Horrezaz gan, zientzia, musikea eta umorea buztartzen dituen Zientzia Clubeko bakarrizketez gozetako aukerea izango dabe. Aurten, gainera, Jakinduriek mundue erreko dau izeneko BertsoZientzia emonaldiak be izango dira, zientzia eta bertsolaritzea bateratzen dituana.
Zientziaren arlo guztiak edonoren eskura, lau egoitzatan banatuta
Bilboko Bizkaia Aretoa – UPV/EHUn, 63 jarduera egingo dira zemendiaren 6tik 10era. Zientziaren eta ezagutzearen askotariko arloakaz lotutako 21 txoko egongo dira. Hamazazpi tailer be egingo dira, bakterio txikienetatik hasi eta planetak ezagutzeraino helduko baikara, olgeta eta esperimentuen bidez. Urtero legez, Zientzia Astea Bizkaia Aretotik kanpora be joango da; hain zuzen, 13 ibilbide didaktiko dagoz antolatuta eta, horreen bidez, Punta Begoñako sekretuak ezagutuko ditugu edo gizateriaren historia Bilboko itsasadarrean barrena ontziz gabilzan bitartean.
Zientzia Astea Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan be egingo da. Zemendiaren 9an publiko guztientzako jarduera zientifiko-teknologiko ugari izango dira, Zientzia Azokea egingo baita. Aukerea egongo da Gorostizako urtegiko edo Ramon Rubial Lorategi Botanikoko sekretuak ezagutzeko.
Bestalde, Zientzia Astea Donostiako Tabakaleran be egongo da hilaren 7tik 9ra, robotikeari, geometriari, astronomiari, nanozientziari eta energia barriztagarriei buruzko jarduera, olgeta eta erakusketak ekarriko dituen 17 txoko eta 13 tailer tarteko dirala, besteak beste, espazioko zaborraren arazoa ezagutarazoteko tailerrak egongo dira, ibilaldi geologikoak egingo dira Donostiako kaleetan barrena eta aukerea izango da Aquariuma, Zumaiako flyscha eta Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutzeko.
Gasteizen, Zientzia Astea Bibat Museoan egingo da hilaren 7tik 10era; bertan, 12 txoko eta 18 tailer egongo dira eta, horreen bidez, nanoteknologia, elikadurea eta holako gaiak landuko ditue modu dibulgatiboan, baita kriminalistikea be.
Jakinduriek mundue erreko dau
Emonaldiotan bat egingo dabe zientziak eta bertsolaritzeak. Ekimen hori UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedreak sortu eban eta aurten, Zientzia Astearen barruan, lehen aldiz etorriko da Gasteizera eta Donostiara. Kike Amonarriz gidari dabela, hainbat zientzialarik berbaldi laburrak emongo ditue eta horreek inspirazino iturri izango dira ondoren bat-batean abestuko daben bertsolarientzat. Horrezaz gan, bertaratuen ezagutza mailea be neurtuko da, modu nahiko bitxian, eta parte-hartzaileen jakituriak saria izango dau. Zemendiaren 7an Bilbon izango da, 18:30ean, zemendiaren 8an Donostian, 19:00etan, eta zemendiaren 9an Gasteizen. Sartzea doban izango da, leku guztiak bete arte.
Zientzia Astea UPV/EHUk antolatu dau, ondokoen babesagaz: Eusko Jaurlaritzea, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Barakaldoko Udala, BBK, Bibat Museoa, Tabakalera, Euskotren, Metro Bilbao eta Vital Fundazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!