Koxka Saria emon deutsie Bilbo Uria Pop-rock Lehiaketeari

Bizkaie! 2019-11-06 13:17   Musikea

Jaialdiaren ibilbide luzeari autorpena egin nahi izan deutsie antolatzaileek.

Musika Master egitasmoak eta Vinilo FM irratiak bigarren urtez antolatu ditue Koxka Sariak. Ibilbide osoaren kategorian, Bilbo Uria Pop-rock Lehiaketeak irabazi dau, dagoeneko 31 edizino bete ditualako musikari gazteei bultzadea emoten. Bilboko Udalak antolatutako lehiaketa horretan parte hartu daben banda eta artista askok ibilbide oparoa izan dabe gerora.

Bilboko Euskalduna Jauregian emon ditue aurtengo Koxka Sariak, konbidadu ugari erakarri dituan ekitaldi baten. Garazi Elgezabalek eta Josetxo López Inchaurbek aurkeztu dabe galea, eta igazko irabazleetako batek, Last Fair Dealek, kantu batzuk jo ditu. Bizkaiko musikearen jaia da Koxka Sarien ekitaldia, antolatzaileen arabera. 

Epaimahai berezitu batek erabagi dau Ibilbidearen Koxka Saria Bilbo Uria Lehiaketeari emotea. Hain zuzen be, 18 eta 35 urte bitarteko musikarientzako hitzordua da, hiru kategoriatan banatuta: Pop-rock, metal eta jokera barriak. Bertoko talde ugarik emoten dabe izena urtero, baita kanpoko batzuek be. Publikoaren aurrean joteko eta euren lana ezagutuarazoteko aukerea emoten deutse sariketeak, epaimahaiak nabarmendu dauenez.

Baina 2019ko Koxka Sarietan irabazle gehiago be egon dira, hainbat kategoriatan banatuta dagoan ezkero. Epaimahaiak erabagitzen ditu arlo batzuetako saridunak, Bizkaiko musika taldeek beste batzuk, eta publikoaren eretxiaren arabera emondakoak be badagoz.

Aurtengo palmaresean nabarmendu da, esate baterako, The Daltonics, zuzeneko bandarik onenaren saria irabazi dau eta. Talde sortu barririk onenaren izendapena, bestetik, Los chivatos de Anna Frank izenekoak eskuratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu