UEMAko kide izatea erabagi dau Alkizako Udalak
2019-11-05 09:59 Euskerea berbagaiMankomunidadeko 87. partaidea izango da.
Pasa dan astean egindako osoko bilkuran, Alkizako Udalak erabagi eban UEMAn sartzeko eskabidea egitea. Inaki Irazabalbeitia alkatearen esanetan, euren herria arnasgune izanik be, ez dago euskerearen normalizazinoak dituan desafioetatik libre. Udalerri Euskaldunen Mankomunidadearen parte izanda, erronka horri aurre egiteko baliabideak eta gizartean eragiteko tresnak izango ditu Alkizak, Irazabalbeitiaren ustez.
Tolosaldeko udalerri txikia da Alkiza, 349 biztanleduna. Euskerea herritar gehienen eguneroko bizimoduan ondo sartuta dago: % 91,3 euskaldunak dira, eta euskerea da gehien erabilten daben hizkuntzea. Halandabe, beste arnasgune batzuetan jazo dan legez, datuek okerrera egin dabe azkenaldion, ze 1996an % 96,9 ziran euskal hiztunak.
Beherakada txiki horri bueltea emotea da Udalaren arduretako bat, Alkizak euskerearen babesgune izaten segidu deian. UEMAn sartuta, hizkuntza politika sendo eta bateratua izateko asmoa agertu dau alkateak.
Abenduan egingo dau UEMAk hurrengo batzar nagusia, eta hantxe aztertuko ditue mankomunidadean sartzeko eskaera barriak. Orduan izango da Alkiza, modu ofizialean, UEMAko partaide. Beraz, mankomunidadeak 87 udal izango ditu, eta Tolosaldeak daukan pisua handituko dau: eskualdeko 28 herrietatik 16 egongo dira UEMAn.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!